Ariane Kamio Kazetaria
Guk, orain eta hemen: Avanti
Bazen behin... Behin? Iraganean ainguratutako hesola da «behin» hartan gertatutako hura, zehaztapen urrunaren ikusmiratik begiztatutakoa. Data jakin batean erdi egiazko erdi gezurrezko izan ziren kontakizun zirriborrotsuak besterik ez dira «bazen behin» horrekin idaztera behartu zizkiguten narrazio mamigabe haiek. Eta guztiak gorpuzkin berekoak: aurrez ezarritako sarrera, korapilo eta amaiera jakin batekin osatutakoak.
Aparteko paragrafoetan berezitutakoak gainera, zati bakoitza non hasi eta bukatzen zen argi nabarmenarazten zizkigutenak. Hala irakatsi zigun andereñoak, hala institutuko irakasleak, baita unibertsitatekoak ere. Amaiera polita izan zezatela agintzen ziguten gainera, bizimodu ezberdinei, iritziei, desadostasunei, arrazakeriari, sorginkeriei, beldurrei, maitasunei, pasioei, amodio debekatuei hizki bakarra eskaini gabe.
Letren zentsurari atxikita bizi izan dugu gaztaroa, eta heldutasunerako bidean ere haize berberek hartu gaituzte. Paperetik ahora jauzi egin duten letren esperantzari lotuta bizi izan gara beti, ordea.
Orri zaharretan baino, jauzi horren baitan aiseago biziraun dute «bazen behin» horretatik libre geratu ziren kontakizun, asmakizun eta hots guztiek, hizki denek, letra orok. Gerrako gertakizun ezkutuak, espetxeetako anekdotak, oroitzapenen berreskuratzeak, tortura testigantzak, aitonaren istorio zaharrak, amonaren sehaska-kantak, Iparragirre, Lete, Laboa...
Ahoz bizi izan den herria izan da beti gurea. Ahoz aldarrikatu, ahoz oroitu eta besteen aurrean gure izaera ahoz entzunarazi duguna. Ahoz eta bozez oroitu gara sehaska-kanta haietaz, eta hasi gara herria kulunkatzen, amonaren ahots zahar baina leun hark loaldi gozora eramaten gintuen bezala. Itsasoaren kulunkari atxiki gatzaizkio, baita haizearenari ere. Baina hondoratzetik urrun, haize-oihalak erabat zabaldu dituen itsasontzia da gurea, eta abiarazteko prest da.
Ez da «bazen»goa, ez eta «behin»goa ere. Oraingoa da, geurea da, Euskal Herriak esan duena da, eta ozen entzun da gainera. Avanti.