Txinari aurrea hartu nahian, inbertsio gehiago agindu dizkio Indiak Afrikari
GARA | ADDIS ABEBA
Afrikako lehengai eta inbertsioei etekina ateratzeko abagunea ez du galdu nahi Indiak, eta euren zakua betetze aldera, datozen hiru urteetarako bost milioi dolarreko -3.546.000 euro inguruko- inbertsioa egiteko gertu da Asiako herrialdea. Horixe segurtatu zuen hango lehen ministro Manmohan Singh-ek, Addis Abeban (Etiopia) atzo hasi zuten bi eguneko goi bileran. Indiako zein Afrikako hamahiru bat estatutako ordezkariak ari dira parte hartzen biltzarrean, eta besteak beste, kooperazio ekonomikoa sendotzeko misioa dute gaur amaituko den goi bileran.
«Elkarrekin egin behar dugu lan eta gure indarrak bildu, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen mugimenduaren alde beharrean jarduteko», azpimarratu zuen Afrikako Batasuneko ordezkari batek hasiera ekitaldian. Ildo beretik mintzatu zen Indiako lehen ministroa ere: «Ekonomia lankidetza sendotu beharrean gara, merkataritza eta inbertsio eremuetan akordioak landuz».
Nola edo hala, aurretik ere dozena bat milioiko inbertsioa egina duen Txinari aurrea hartu nahian dabil India, afrikarrek dituzten petrolio putzuen eta lehengaien bidez, bere hazkundea sustatzeko. Afrikako herrialdeek ere interes handia dute Indiak egin ditzakeen inbertsioetan, beraiek ere beren ekonomia suspertzeko aukera paregabea ikusten baitute horren atzean.
Bi eguneko goi bileran hainbat akordio adostea espero dute, informazio teknologien, hezkuntza plangintzaren zein kanpo merkataritzaren inguruko institutuak eratzea, besteren artean.