Pirinioetan beste hartz bat sartu ala ez laster erabakiko du Parisek
Aste honetan erabakiko dute Bearnoko Pirinioetan Esloveniatik ekarritako hartz eme bat askatu ala ez. Iazko uztailean iragarri zuten asmoa, baina, aldekoen eta kontrakoen erreakzioak ikusita, Ingurumen Ministerioak beste hiru ministeriotara zabaldu du erabakia hartzeko ardura. Aldez aurretik alegazio eta iritziak jaso ditu bertakoen artean, baita Zuberoako eta Nafarroa Behereko zenbait herritan ere. Naturaren Babeserako Kontseilua hartza ekartzearen alde agertu da.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Pirinioetako Aspe eta Ossau ibarretan Esloveniatik ekarritako hartz berri baten sarrerari buruzko deliberoa aste honetan hartuko du Parisek. Afera hori Ingurumen Ministerioari dagokion arren, azkenean erabakia hainbat ministerioen artekoa izango da.
Naturaren Babeserako Kontseiluak (CNPN) hartza sartzearen aldeko iritzia agertu zuen joan den ostiralean, baina egitasmo horrek Pirinioetako eragileengan piztutako polemikaren aitzinean, Nathalie Kosciusko-Morizet Ingurumen ministroak nahiago izan du erabakiaren ardura zabaltzea.
Horrela, Barne Ministerioko, Gobernuko eta Nekazaritzako instantziek ere parte hartuko dute behin betiko erabakian.
2007ko abuztuan, Lourdes inguruan, «Franska» hartz emea auto batek harrapatuta hil zenetik, Bearnoko eremuan hiru ar bakarrik geratzen dira: «Aspe», «Nere» eta «Cannelito». Hartz eme berri bat sartuz, espeziearen biziraupena bermatzea da Ministeriotik duela ia urtebete iragarritako proiektuaren xedea.
Alta, 1996an Esloveniatik ekarritako lehen hartzak sartu ostean izandako protestak medio, oraingoan aurrez iritziak biltzea erabakia zuen Gobernuak. Hala, Pirinioetako lerroan dauden 930 herritan, tartean Zuberoko eta Nafarroa Behereko 33tan, alegazio bilketa egin zuten joan den neguan.
Iritzi kontrajarriak
Espero zitekeen bezala, orduan ere iritzi kontrajarriak azaldu ziren, batez ere ekologisten eta nekazarien elkarteen artean. Lehen taldekoen iritziz, hartz berria sartzea «premia larrikoa» da; bigarrenekoaren iritziz, ordea, «kaltegarria litzake beren jarduerarako».
Laborarien sindikatu nagusiek -FDSEA eta ELB- eta Euskal Herriko Laborantza Ganberak ere desegokitzat jo dute egitasmoa. Bioaniztasuna mantendu eta laguntzearen alde dagoela argi utzita, «hartza sartu baino lehenago aurreko hamaika zeregin, esaterako Natura 2000 programa bera abian jartzea» bazeudela argudiatu du EHLGk.
FIEP elkarte ekologistak, ordea, gogoratu du aspalditik, zehazki «Cannelle» hartza oraindik bizi zelarik, beste bi hartz Bearnora ekartzeko beharra onartua zutela IPHB (Bearno Garaiko Ondarearen Erakundea) egiturako partaide guztien artean.
Ministerioek hartza sartzea deliberatuko balute, berehala egikaritu beharko da erabakia, adituek diotenaren arabera, hartza eremu berrian uda aurretik askatzeak berebiziko garrantzia baitu. Era horretan, neguko lozorroa iritsi baino lehen, hilabete batzuk izango ditu bizileku eta inguru berria ezagutzeko.
Adituen ustetan, hartza Bearnoko Aspe eta Ossau ibarretara ekartzea erabakiko balitz, berehala egin beharrekoa litzateke, neguko lozorroaren aurretik, eremu berria ezagutzeko eta egokitzeko denbora izan dezan.
ONCFS egiturak harrapatuko luke hartz emea Eslovenian. Gauez egiten dute operazioa, baita lehen azterketak ere (sexua, osasun egoera...), harrapatu bezain pronto, lekuan bertan. Hurrengo gauean beranduenez, bizileku berrian askatzen dute.