GARA > Idatzia > Kultura

Joxe Migel Barandiarani jarraiki, Euskal Herri osoko hilarriak aztertu ditu Pedro Zarrabeitiak

Euskal Herrian hilarriak ugariak dira eta hainbat liburu argitaratu izan dira horiei buruz. Pedro Zarrabeitia argazkilaria izan da gaia jorratu duen azkena, «Estelas discoidales de Euskal Herria» liburuan.

p042_f01_148x076.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Estelas discoidales de Euskal Herria» (Pamiela, 2011) ez da liburu etnografikoa, ezta argazkilaritza soilik lantzen duena ere, nahiz eta egilea Pedro Zarrabeitia argazkilaria den. Bi kategorien arteko nahasketa bat da. «Hilarriei buruzko lan artistikoa da, baina lan zientifiko sakon batean oinarritua», azaldu zuen Jose Angel Irigarayk, Pamielako kideak.

Sei urtean landutako egitasmoa da argazkilariak burutu berri duena. Makina bat herritara 400 bisita inguru egin dituela azaldu zuen atzo egin zuten aurkezpenean, hainbat herritan gainera bi edo hiru alditan izan da piezen bila. Horien 4.000 argazki inguru atera ditu eta inguruetako beste 500. Guztira 1.170 irudi barneratu ditu liburuan.

Zenbaki horiei begira, aurretik kaleratutako beste liburuekin alderatuz hainbat berritasun dakartzala azaldu zuen Zarrabeitiak. Alde batetik, Euskal Herri osoko hobi-harriak barneratzen dituen lehen liburua da «Estelas discoidales de Euskal Herria». Izan ere, aurrekoek, Joxe Migel Barandiaranen liburuek, Euskal Herriko iparraldea bakarrik aztertzen zuten. Bestetik, irudi eta dokumentazio gehien eskaintzen duen lehen liburua da, ehun harri baino gehiagoz osaturiko bilduma baita, ordena kronologiko bati jarraituz antolatua. Azkenik, liburuan piezak koloreztatuta erakutsi ditu egileak, irakurketa eta interpretazioa errazteko ahaleginean. Gainera, inoiz aztertu eta argitu ez den arren, egilearen ustez, beharbada hobi-harriak margotu egiten ziren orain hamar mende. Izan ere, pareta baten eta hilarri baten artean sartu zuen behin eskua, eta ateratzean gorriz margotua zuela ikusi zuen. «Margo gorria nondik atera zen ez dut ulertzen. Hala ere, klima honekin eta hamar menderen buruan ez du ezerk irauten», azaldu zuen Zarrabeitiak.

«Kaleratu direnen artean lan sakonena hau da. Barandiaranek atera zuena gerturatzen da soilik, baina horrek Euskal Herriko iparraldea bakarrik landu zuen», esan zuen atzo egileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo