Joxemari Iturzaetari omenaldia Andoaineko Sorabilla auzoan
Iturzaeta, pala maite zuen «kirolari totala»
Pala aukeratu beharrean beste edozein kirol hautatu izan balu, ziurrenik Joxemari Iturzaetaren izenak Euskal Herriko kirol mitoen Olinpoan lekua izango luke. Andoaindarrak, aldiz, pala maite zuen. Noski, palan ere onena izan zen.
Jon ORMAZABAL
Ezbairik gabe, Sorabilla auzoko seroretxean jaio izanak eragin handia izan zuen Joxe Mari Iturzaetak palarekin izandako harreman sakonean. Bere jaiotetxearen hormek frontoi txiki batenarekin bat egiten dute eta bertan izan zuten bere berri Andoaingo palazaleek. Izan ere, 12 edo 13 urteko mutiko hark txiki-txiki eginda uzten zituen berarekin jokatzera ausartzen ziren guztiak. Horma horien artean sortu zen askorentzat palak inoiz eman duen pilotaririk onena, eta, profesionaletan bere lehen partida jokatu zuela 25 urte betetzen diren honetan, ondo merezitako omenaldia egingo diote gaitz larri batek behar baino askoz ere lehenago eraman zuen kirolari apartari.
Izan ere, Iturzaeta ondo ezagutu zutenek horixe nabarmentzen dute, edozein kiroletan bikain aritzeko gaitasuna zuela. Pentsa, Mateo Cabrejasek, Iturzaetak bere garaian izandako prestatzaile fisikoak, Rafael Nadalekin konparatu izan du beti bere dohain fisikoengatik. Iturzaetarekin mila bidaia eta partida -bai afizionatuetan eta baita profesionaletan- partekatu zituen Juan Carlos Oteroren ustez, «gaztetatik izan zen fisikoki oso indartsua, gorputz izugarriko mutila zen, pentsa, garai batetako Greziako eskulturen tankera zuela esaten zen». Mateo Ponce Sorabillako auzokide eta omenaldiaren antolatzaileetako batek ere bat egiten du iritzi horrekin: «Besteen gainetik zegoen kirolaria zen, maite zuen hura aukeratu zuen, pala, baino beste edozein kiroletan ere gaitasun handiak zituen: futbolean, korrika...».
Hala ere, jenio askori gertatu ohi zaien moduan, bere ibilbidea ez zen batere erraza izan. Horren erakusle, bere kirol bizitzan, birritan behintzat, ez zen merezi bezala tratatua sentitu. 14 urterekin, Kontxako hondar gainean futbolerako zituen dohainak agerian utzi ostean, Realak deitu zion, infantil mailako taldearekin entrenatzera joateko. Hala ere, arrazoi desberdinak medio, hasiera batean ez zioten arreta gehiegirik ipini eta palan jarraitzea erabaki zuen. Realekoak berehala itzuli ziren bere bila, baina, ordurako, Joxemari Iturzaetak palaren aldeko hautua egina zen.
«Tximeleta ehiztaria»
Luis Mari De Miguel profesional ohiak gogoratzen duenez, garai haietan palak orain baino indar askoz handiagoa zuen, Deportivon eta Baldan partidak jokatzen ziren eta Andoainen bertan zaletasun handia zegoen. Hala ere, pentsa daitekeenaren aurka, palan ere, Iturzaetaren profesionaletarako bidea ez zen batere xamurra izan. Afizionatuetan areriorik ez zuen arren -tartean GRAVN txapelketa irabazi zuen Oterorekin- Deportivoko arduradunek ez zioten saltoa emateko aukerarik ematen.
Mateo Poncek gogoratzen duenez, iraindu ere egiten zuten; «tximeleta ehiztaria» deitzen zioten, besteen aldean postura arraroak zituelako eta ezker peto-petoa zelako -eskuina ez zuen erabiltzen-. Berriz ere amore ematekotan zela, palan lagunartean bakarrik jokatzeko hautua egina zuen jada, 1986an iritsi zitzaion profesionaletan debuta egiteko aukera. Baldan egin zuen debuta, Astola lagun zuela; ordutik aurrera ia inork ezin izan zuen kantxan bere joa geratu. Berez zuen sasoiaz harago, aitzindaria ere izan zen Iturzaeta, prestatzaile fisikoa erabiltzen lehendabizikoa izan baitzen andoaindarra. «Iturri eta Goldarazenak hasieran barre egiten zioten. `Begira hau, partiden aurretik beroketak eta halakoak egiten', esaten zuten».
Laster kendu zitzaizkien txantxetarako gogoak. «Gero eta arerio gogorragoen aurka, partida guztiak erraz ateratzen zituen, eta, gainera, ikuskizuna emanez. Bilboko publikoa berehala sartu zuen poltsikoan», gogoratu du De Miguelek. Intendenteak lanak zituzten berarekin partida orekatuak osatzeko, eta, horren erakusle, berak bakarrik bi pilotariren aurka ere jokatu izan zuen. Pilotari ezkerrez ematen zion indarretik eta bere errebes famatutik harago, «jokatzeko zuen grina» nabarmentzen du Oterok. Bere botepronto ikusgarriak eta ezinezko pilotak eramateko zuen erraztasuna kantxatik kanpo zuen izaeraren isla omen ziren.
Palaz gozatzen eta gozarazten ari zen unean, ordea, gaitz malapartatu batek eraman zuen Joxemari Iturzaeta. Patxi Jauregi Gipuzkoako Pilota Federazioko egungo lehendakariak nabarmentzen duenez -bere garaian Iturzaetarekin hamaika entrenamendu egindakoa da-, «pena handia da bere onenean, oraindik puntan zazpi edo zortzi urte gehiago jokatzeko moduan zela, joan zitzaigula. Niretzat palistarik konpletoena izan da». Tamalez, 30 urterekin, 1994. urteko otsailaren 16an, hil zen. Palaren urrezko aroa ere berarekin batera joan zen.
Misa
Los homenajes comenzarán hoy a las 11.00 con una misa cantada en la iglesia de Sorabilla, en la que Iturzaeta fue monaguillo, y donde dio sus primeros pelotazos.
Placa y finales
Seguidamente se descubrirá una placa homenaje en el pequeño frontón del barrio, donde seguidamente se disputarán las finales del campeonato popular de pala.
Txaranga
Tras la entrega de premios, la Txaranga de Andoain estrenará la pieza musical que han compuesto en honor del palista, y que lleva por título su nombre.
iturzaeta II
En la mañana del domingo habrá partidos profesionales en el frontón Arrate, y seguidamente se jugará la final del Memorial Iturzaeta, a la que ha llegado su hermano.
comida
Los actos de homenaje concluirán el domingo al mediodía con una comida popular y posterior romería, que tendrá lugar en el colegio Ondarreta de Andoain.
Libro
El escritor Xabier Lasa está terminando un extenso libro, que recogerá la trayectoria del palista, y la comisión también ultima una web sobre la figura del andoaindarra.
Herri honetan sarri gertatzen den bezala, boluntarioek egindako lan itzeletik sortzen dira ekimenik sentitu eta interesgarrienak, eta Iturzaeta Batzordearekin gertatutakoa ez da salbuespena. Herri oroimenarentzat Joxemariren izena berreskuratzeko zerbait egin behar zutela erabaki zutenean, Sorabilla inguruko bizilagun talde honek ez zekien ondo zer-nolako abenturan sartzen zen, baina Iturzaeta zenak merezi duen omenaldia eta pala berpizteak egingo liekeen ilusioak gidatu ditu hamaika burukomin eta pasadizotan zehar Xabier, Mateo, Demi, Jon, Patxi eta beste hainbat laguntzaile.
Helburu bikoitz horren peskizan egindako lana latza izan da eta lehen uzta ere jasotzen hasi dira jada. Esaterako, antolatutako bi txapelketetan, memoriala eta herrikoia, 100 lagun inguru jarri dituzte palaren bueltan, eta hori, gaur egun, ez da edonolako marka. Ekitaldiak, gainera, ez dira asteburu honetan amaituko, Xabier Lasa Iturzaetaren inguruko liburu mardula eta zinez interesgarria ari baita osatzen. Abuztua baino lehen izango da kalean liburua. J.O.
22
urterekin, berandu samar, egin zuen profesionaletarako jauzia. Hori bai, hasiera-hasieratik lehiatu zen onenen aurka; gainera, partidak nahiko erraz irabazten hasi zen lehen unetik bertatik.