GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Zufiaurre Mendoza | Olaztiko Udaleko Gestorako lehendakaria

Errausketa Olaztin

Nafarroako Gobernuak Nafarroan errausketa inposatzearen alde egin du eta gu prest gaude jarduera arriskutsu hori martxan jar ez dadin borrokatzeko

Errausten hasteko baimena lortzen ez bazuten Portland itxiko zutelako mehatxuak baldintzatutako hauteskunde kanpaina bizi izan dugu azkenaldian, guztia UPN, Portland eta UGT-PSOEren gidaritzapean. Hala ere, maiatzaren 26an, hauteskundeak baino lau egun geroago, Nafarroako Gobernuak hondakinak errausten hasteko baimena eman zion zaborren multinazionala den FCCri. Eta ez da harritzekoa, hirurek baitute helburu bera eta hirurei komeni baitzaie errausketarekin hastea Olaztin.

Lehenik, UPNri, arazo larriak dituelako bere Nafarroako Hondakin Planak aurreikusten duen hondakinen balioztapentegia kokatzeko, badakielako orain bertan duen babesa galtzeko arriskua izango lukeela. Bide batez, egungo egoeraz baliatuz eta eskualdeko langabeziaren erantzuletzat hartuz, abertzaleen kontra jo du eta inork nahi ez duen hondakin errausketaren kontrako jarrerak, eskualdeko garapenaren eta multinazionalaren jarraipenaren kontrako jokabidetzat agertu nahi izan ditu. Lotsagabekeria horren adibide, Barcina anderea bera porlandegiko silo aurrean agertu izana, beste pintada famatu baten aurrean bezalaxe, abertzaleei Portland arriskuan jartzea eragotziz.

Bigarrenik, Portlanden jabe den FCC multinazionalari, horrela porlandegiko labean hondakinak erre eta kudeaketa pribatuko ziklo osoa beteko bailuke, diru laguntza potoloak jasoko bailituzke eta CO2aren merkatuan negozio bikaina egingo bailuke.

Hirugarrenik, UGTri, horrela enpresarekin bat eginik sindikatu abertzaleak baztertuko lituzkeelako porlandegian. Bere Nafarroako idazkari nagusiaren adierazpenak argiak dira: «Sindikatu abertzaleek, Udalarekin batera, Portlanden proiektua zapuzten dute».

Bakoitzaren interesak argi azaltzen diren bitartean, hutsaren pare, Sakana eta Olazti baztertu egiten dituzte. Nafarroako Gobernuak eta multinazionalak entzungor egin diote Olaztiko porlandegian hondakinak erretzeari ezetz esan dioten 3.200 sakandarren ahotsari. Ez dute Olaztiko Udalak 2009ko azaroaren 26an onartutakoa errespetatzen, non, errausketaren kontra agertzeaz gain, hori debekatzen duen araudia berretsi zuen.

Nafarroako Gobernuak ez digu txostena aztertzen ere utzi, eta are larriagoa, ez du jarduera hori indarrean dauden udal arauekin bateraezina dela dioen udal txostena kontuan hartu, Udalak horregatik bereziki eskatuta duenean baimen hori ez emateko.

Argi gera bedi, multinazionala eta Nafarroako Gobernu izan direla udal araudien eta herritarren borondatearen gainetik pasatu eta indarrez Sakanan errausketarekin hastea erabaki dutenak. Ez dugu ahaztu behar gai honen inguruan bere garaian multinazionalak hitza eman zuela ez zuela Udalaren eta herritarren onespenik gabeko proiekturik inposatuko.

Gainera, Nafarroako Gobernuak ez luke hondakinen kudeaketa esku pribatuetan utzi behar, FCCren labeak beste kudeaketa eredu batzuen helburuekin, hau da, hondakinak gutxitzera, berreskuratzera eta birziklatzera zuzendutako egitasmoekin, zilegi ez den lehia batean sartuz eta porrot egitera bultzatuz. Atez ateko bilketa lehenetsiko lukeen hondakin politika batek, zaborra izugarri mugatuko luke eta ez litzateke inon erre beharrik izango, nahiz eta hori FCCk dituen interesen aurkakoa izan, berak ahalik eta hondakin kopuru handiena bere inbertsioak errentagarri bihurtu eta ahalik eta negozio handiena egiteko nahi du-eta.

Gure Udalak errausketari ez esaten dio, ez Olaztin ez beste inon, jarduera hori gizakion osasunerako eta ingurumenerako oso kaltegarria delako eta inguruko baliabideak hondatzen dituelako.Nafarroako Gobernuak Nafarroan errausketa inposatzearen alde egin du eta gu prest gaude jarduera arriskutsu hori martxan jar ez dadin gogor borrokatzeko.

Bukatzeko eta basakeria hau egi bihur ez dadin, nafar gizarte osoari antolatzen diren mobilizazio eta ekintza guztietan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo