GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Torturaren katea pitzatu eta txikitu beharra

Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak atzo Valladoliden aurkeztu zuen urteko txostenak aurrekoen ildo bereko datuak agertzen ditu. Datu benetan kezkagarriak, hala nola, Euskal Herriari dagokionez, salaketak 2009an baino %25 gehiago izan zirela. Txostenetik atera daitekeen ondorioa, zoritxarrez, ez da berria: Estatu espainolak ez du tortura desagerrarazteko borondaterik, eta Estatuko eta nazioarteko giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen gomendioei muzin egiten jarraitzen du, ez baitio tortura ahalbidetzen dituzten prozedurak sistematikoki aplikatzeari utzi. Gehienez ere, Garzonen protokoloa delakoa aplikatu izan du epaileren batek. Protokolo hori ez da inondik inora tortura saihesteko bermea -izan ere, hura aplikatu dieten zenbait lagunen salaketa sinesgarriak izan dira-; nolanahi ere, norabide zuzenari jarraitzen dio, beti ere argi izanda bermerik onena inkomunikazioa, tortura ahalbidetzen duen prozedura nagusia, ez ezartzea dela. Txostenaren ondorio kezkagarri horren barruan, ordea, bada esperantzarako tarterik. Ofizioko abokatuen papera, esaterako, urte luzeetan ezikusia egitea izan bada ere, azken urtean ahuldu egin da omerta mota hori, zenbait abokatuk beren protesta agertu izan baitute sumatu dituzten irregulartasunengatik. Torturaren kate sendoa pitzatzen hasia den zantzu esperantzagarria ote?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo