Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Zaletasuna eta itxurakeria
Urte osoan jazz kontzertuak egon badaude ere, gutxitan pizten dute udan jazotzen diren saio zein jaialdiek adina arreta. Bestelakoak ziren gauzak Dave Brubeck jazz piano jotzaileak ezagun egin duen musika estiloan lehen urratsak eman zituenean. Orduan jazzak ez zuen urtaro jakinik; jazza urte osoko kontua zen, ala ez zen. Bere ibilbideari buruzko dokumental batean, jazzarekiko jarrera ez dela hainbeste aldatu esaten dio Brubeckek Clint Eastwoodi, dokumentalaren ekoizle eta gidariari. Bat jazz zale amorratua da ala ez da, uste du piano jotzaileak; gainerako guztia, udan jazzak duen bat-bateko arrakasta esaterako, itxurakeria baino ez da.
Hogei diskotik gora kaleratu baditu ere, jende gehienak «Take Five» piezagatik ezagutzen du Brubeck. «Time Out» diskoaren barruan agertu zen hura, 1959an. Lan berean «Blue Rondo à la Turk» kaleratu zuen, bere ustez egin duen piezarik biribilenetakoa. Hala ere, gutxik dute haren berri eta gutxiengo horretatik, talde are txikiago batek zinez entzun du pieza. Gauzak horrela, norbaitek «Blue Rondo à la Turk» aipatzen dionean mesfidantzaz begiratzen dio Brubeckek, eta benetako zalea ala lausengari hutsa den konprobatzeko piezaren zubia abesteko eskatzen dio.
Politikari askok miresmen handia agertu diote Brubecki. Haietako gutxik aipatu diote «Blue Rondo à la Turk», eta gutxiengo horretatik bakar bat izan da piezaren zubia abesteko gai. Politikariek arteaz orokorrean duten jakintza maila kontuan hartuta, sekulako lorpena dela dio Eastwoodek. Brubeckek, berriz, esan dio: «Bat jazz zale amorratua da ala ez da; gainerako guztia itxurakeria baino ez da».