GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Bergarakuak», ondo bustita berriz ere Mendekoste jaien hasieran

Alkandorak, pañueloak eta zapatilak jantzita dabiltza «bergarakuak» Mendekoste jaietan. Atzo hasi ziren festak Bitorianatxoren jaitsierarekin; urteak daramatza jada lan horretan. Asko falta da Bitorianatxok alderantzizko bidea hartzeko, asteartean amaituko baitira herriko festak. Ordura arte, guztiok festara! Ea eguraldia, aurtengoan behintzat, ondo portatzen den.

p022_f03.jpg

GARA |

Aste Santuko Pazko igandetik 49 egunera ospatzen dira Mendekoste jaiak; Bergarako jai nagusiak, alegia. Aurtengoan, gainera, berandu suertatu dira Pazkoak, eta, beraz, jaiak ere berandu iritsi dira herrira. Askori egin zaio itxaronaldia luzeegi, baina iritsi dira azkenean. Atzo hasi eta asteartera bitartean iraungo dute; beraz, zoramena da nagusi Debagoieneko herrian uneotan.

Bergarako gobernu taldearentzat ere bereziak dira aurtengo jaiak; Pazkoak gobernuko kide bezala hasi zituzten, eta, gaurtik aurrera, berriz, alkate berria izango dute herrian. Horrenbestez, joan direnentzat zein iritsi berri direnentzat izango dira bereziak jaiak aurtengoan.

Bitorianatxoren jaitsierarekin hasi ziren atzokoan Bergarako jaiak. Urteroko zita, noski, San Martin plazan izan zen. Festen bukaera, aldiz, Bitorianotxoren igoerak markatuko du.

Pasatu dira jada 30 urte Bitorianatxok aurreneko jaitsiera egin zuenetik. Horrenbeste urte eta gero, berak jarraitzen du izaten egunotako erregina. Atzera begira eginez, 1981. urtean agertu zen aurreneko aldiz San Martin plazako zerua udaletxeraino gurutzatzeko asmoz.

Duela mende bat Aldai Egia auzoko Mozolotegi baserrian bizi izan omen zen Bitorianatxo; baserria, gaur egun, desagertuta dago. Esamesek diotenez, bakartia eta xelebrea zen; hori bai, sendabelarren gaineko ezagutza handiko emakumea ere ba omen zen. Bere gaineko esaerak ere badaude. «Sorgiña i zan Bitorianatxo ori, lanian ibiltze i zan etxetik etxe mantentze aldera», dio batek.

Lehertu da festa!

Txupinazoa 20.00etan egin zen atzokoan eta San Antonioko txirrindulari lasterketako antolatzaileek bota zuten, aurten 75 urte bete baititu. Txosnak ere handik gutxira ireki zituzten. Bizardunak eta Band Sound Sistem taldeen musikaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Gaurkoa ere handia izango da, ekitaldi ugari baitaude. XXXI. Haur eta Gazteen Plastika Lehiaketa izango da goizean, Beart Bergarako arte elkartearen laguntzarekin. Festen bihotza den San Martin plazan egingo da. Gaztetxo irabazleen izen-abizenak eguerdian jakingo dira, orduan egingo baita sari banaketa.

Iazko Mendekoste jaietatik jaiotako haurrei ongi etorria ere emango zaie udaletxeko pleno aretoan. Ordurako bakailaoak pil-pilean egongo dira plazan, nork ederragoa egin. Herriko elkarte gastronomikoak hartuko dute parte lehiaketan; beraz, beraiei eskatu beharko zaizkie bakailaoaren sekretuak. Hori bai, sekretuak ezagutarazteko prest ez badaude, mokadu bat egitearekin konformatu beharko da, horretarako aukera behintzat izango da-eta plazan. Pintxoarekin asetzen ez denak, txosnetan egingo den bertso bazkarira joateko aukera izango du; Jone Uria eta Amets Arzallus bertsolariak izango dira bertan.

Arratsaldean izango da LXXV. San Antonioko Txirrindulari Saria, kadete mailan. Arratsaldean erraldoien konpartsako bi kide berriei ongi etorria emango zaie. Musika izango da beste protagonistetako bat, rock maratoia izango baita 19.00etatik aurrera. Txosnetan, berriz, Los Galerna, Slamtilt eta Arkada Social taldeen kontzertua egongo da.

Hau bai hau eguraldia!

«Bergarakuei» buruhauste ugari sortu dizkie eguraldiak jaietan azken urteotan. Izan ere, izugarrizko euri-jasak izan dituzte herriko festa nagusietan. Badakigu nola hasi diren, baina amaitu? Zer etorriko da zerutik datorrenen egunetan? Aurreikuspenak ez dira txarrak, baina, ikusitakoak ikusita, tentuz ibili beharko dira aurten ere. Eguraldiarekin edozer gerta daiteke Bergaran!

Biharko eguna ere bete-betea dator. Goizean hasiko da Euskadiko Banakako Xake Azkarreko Txapelketa Agorrosinen, herriko xake elkarteak antolatuta. Eguerdian jolasak izango dira nagusi San Martin plazan; valey water-ean aritzeko eta ur puxikak botatzen jarduteko aukera ere izango da. Bustitzeko aukerarik, beraz, ez da faltako.

Arratsaldean, Euskal Herriko XXXIV. Dantza Askatuko Txapelketa egingo da; 16 urtez azpiko bikoteentzako lehia izango da. Udal txistulari bandaren eta trikitilarien musikaren laguntzarekin, txoko ezberdinetatik iritsitako neska-mutilek euskal dantzak dantzatuko dituzte.

Txosnek ere egitarau oparoa dakarte biharko. Arratsaldean, geroz eta jarraitzaile gehiago dituen baltsa jaitsiera egingo dute autobus geltokitik Bideberrira. Ondoren, kontzertu indartsua izango dute Bergarara hurbiltzen direnek: Garate, Anari eta Sorkun. Festetan murgiltzeko egitarau bikaina, beraz, Bergaran. Kalera atera eta disfrutatzea besterik ez da gelditzen.

TXOSNAK

Aurten ere, Bergarako txosnek presentzia handia izango dute festetan. Atzo ireki zituzten ofizialki eta asteartera bitartean egongo dira zabalik. Gaur bertso bazkaria dago lehenik, eta, gauean, Arkada Social, Los Galerna eta Slamtilt taldeen musika kontzertua.

BERGARAKO TXIKIAK

Iazko Mendekoste jaietatik hona jaiotako bergararrei ongi etorria emateko ekitaldia egingo da udaletxeko Pleno Aretoan. 11.30ean izango da zita. Haurrak ere jaio bezain laster herriko jaietan bete-betean murgiltzea da xedea. Hau da, txiki-txikitatik kalera irteteko afizioa sustatzea.

MUSIKA

Festa ororen saltsa nagusia da beti musika. Hain justu horrexegatik, musika izango da nagusi Bergaran ere egunotan. Gustu guztiak hartu dituzte kontuan; hala, Udal Musika Bandaren kontzertuak edota herriko musika taldeen rock maratoia ez dira faltako Bergaran.

lehiaketak

Herriko elkarteen arteko bakailao lehiaketa, haur eta gazteentzako plastika sariketa, Euskal Herriko Dantza Askatuko Txapelketa, xake azkarreko lehiaketa... Makina bat txapelketa, beraz, datozen egunetan beraien gaitasunak praktikan jarri nahi dituzten guztientzat.

ERRALDOIAK

Erraldoien konpartsak kalejira egingo du Bergarako kaleetan barrena. 18.30ean izango da zita gaur bertan eta honako kaleak zeharkatuko ditu besteak beste: San Martin plaza, Bidekurutzeta, Ramon M. Lili, Irizar, Kruz Gallastegi, Bideberri eta Herri Lagunak.

75 urteko etapa bete du San Antonioko karrerak Bergaran

Ez da ohikoena lasterketa batek 75 urte betetzea, baina San Antoniokoak halaxe bete ditu. Bergarak izan duen txirrindularirik handienetako batek, Jesus Arantzabalek, eman zien atzo hasiera jaiei, alboan Anton Barrutia durangarra zuela.

Etapa luzea egin du lasterketak honaino, eta halaxe jarraitzea da herriaren gogoa aurrerantzean ere. Arratsaldeko lauretan abiatuko da San Antonio auzotik lasterketa. Pregoilari izandako txirrindulari beteranoek ez dute parte hartuko, noski. Hori bai, segur aski espaloitik adi-adi jarraituko dituzte txirrindulari gazteen ahaleginak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo