GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Lehiaketa

Aizkolari nafarrak dira nagusi Azpeitiko finaletan

Maila nagusikoarekin batera, 19 urtez azpikoen eta 15 urtez azpikoen txapelak ere erabakiko dira bihar, 12.00etatik aurrera, Izarraitz pilotalekuko neurketetan.

p044_f01_97x132.jpg

Jon LEUNDA

Lau lehiaketetatik hiru txapel egongo dira jokoan bihar 12.00etatik aurrera, Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, jokatuko den Urrezko Aizkorako finalean. Pasa den astean 23 urtez azpikoena jokatu zen, eta Aitzol Atutxak irabazi zuen. Hiru finaletan, gainera, nafarrak izango dira nagusi, sei aizkolarietatik lau baitira herrialde horretakoak. Bizkaiak ordezkari bat izango du, eta Gipuzkoak beste bat.

Bihar hiru final egongo dira jokoan. Maila nagusian Aitzol Atutxak lehen aldiz bi maila ezberdinetan txapela lortzeko aukera izango du. Horretarako, ordea, Juanjo Lopez hartu beharko du mendean.

Orain arte bezalaxe, lan ezberdinak egin beharko dituzte iraupen probarekin amaitzeko, baina orain artekoak baino lan handiagoak izango dira egin beharrekoak.

19 urtez azpikoetan Eneko Saralegi, Leitzakoa, eta Eneko Otaño, Beizamakoa, neurtuko dira. Azken horrek irabazi zuen Binakakoa, eta herritik hurbil arituko denez, jarraitzaile bat baino gehiago izango ditu. Final estua, eta faborito garbirik gabekoa iragartzen da.

Azkenik, mailarik txikienean, 15 urtez azpikoetan, Zabaleta eta Vicente II.a neurtuko dira. Biak gatetxoak izan arren, etorkizun handia dutela erakusten ari dira; horrenbestez, final dotorea izan daiteke.

Segalariak

Segalarien denboraldia ere abian dago. Orain arte nazioarteko erako lehiak ikusi dira, baina bihar betiko eran Gipuzkoako txapela erabakiko da. Pikoketan, Oiartzunen, jokatuko da dema, 12.30ean. Bertan, Mikel Alkorta, Arkaitz Arteaga, Juan Joxe Lizaso, Iban Pardo eta Jokin Etxeberria lehiatuko dira.

Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duenak jasoko du txapela.

Leiha estua iragartzen da, pare samarrekoak agertzen baitira segalariak. Lizaso izan daiteke, agian, faboritoa. Asteasukoa agertzen den guztietan oso indartsu agertzen da, eta oso kontuan hartu beharko da.

Arkaitz Arteaga lehiatu gabe ere egon da, baina badaki zer den Euskal Herriko txapela janztea, eta bera ere saiatuko da gainerakoak estu hartu eta garaipena eskuratzen. Mikel Alkortak ere badaramazki urte batzuk, eta eskarmentua badu. Bera ere ongi ibili ohi da, eta faboritoen zerrendan sartu beharko da.

Jokin Etxeberria saiatuko da gainerakoen hutsegiteren bat aprobetxatzen aurrean sartzeko. Honek ere badaramazki urte batzuk lehiatzen, eta ezin da bazterrean utzi.

Zalantzak sortzen diten bakarra Iban Pardo da, lehen aldiz plazaratuko da lehiaketa ofizial batean eta bere jarduna ikusgai dago. Inork gutxik ezagutzen du, eta bere lana ikusi bitarte zaila izango da zer-nolako maila eman dezakeen jakitea. Iaz lehiaketa hau antolatzerik ez zen izan, eta aurten berriro ere jokatzea oso garrantzitsua da.

Berastegi

Berastegin, 17.00etatik aurrera, eliza ondoko plazan eta belardian herri kirol jaialdia izango da. Orain dela gutxi erre den Antziola baserriaren alde bildu nahi da dirua. Sarrera 10 eurotan egongo da salgai, eta horren truke gaur egun egin daitezkeen kirolik gehienak izango dira ikusgai.

Goiherrik 640 kilokoa bereganatzeko aukera du

Astebeteko atsedenaren ostean, berriro ere Euskal Herriko Txapelketa itzuliko da, eta 640 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da Erandioko Martiartu auzoan, gaur, 17.30etik aurrera.

Bertan, Goiherri A, Gaztedi B, Getxo, Goiherri B, Gaztedi B eta Mutriku lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Goiherrik irabazi zuen, eta, berriro ere gauza bera egiten baldin badu, txapela ia poltsikoan izango luke, nahiz eta pisu hau amaitzeko jardunaldi bat falta. Gaztedirekin izan zituen arazorik gehien lehen jardunaldian, eta badirudi gaur ere bera izan daitekeela aurkaririk gogorrena. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo