GARA > Idatzia > Kultura

Xenpelar Dokumentazio Zentroak Interneten jarri du bere katalogoa, gizarteratu eta ikerketa sustatzeko

Atzo aurkeztutako Interneteko katalogoa berrikuntza teknologiko zabal baten hasiera bertzerik ez da Bertsozale Elkartearentzat; Euskal Herri osoan egindako bilketa gizarteratzeko tresna izatea nahi dute.

p055_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Bertsozale Elkarteak denen esku jarri ditu Xenpelar Dokumentazio Zentroko hainbat atal http://bdb.bertsozale.com gune berrian. Bertan, agenda kontsultatzen ahal da, hilabeteko epean Euskal Herrian eta kanpoan izanen diren mota guztietako saioen berri jakiteko. Eta antolatzaileek beren iragarpenak egiteko aukera izanen dute.

Nere Erkiaga zentroko arduradunak azaldu zuenez, bertsolaritzan aritu edo ari direnen 400 biografia-fitxa ere zintzilikatu dituzte, eta historian gaur arte izandako txapelketa, lehiaketa eta sariketen informazioa. Bestalde, doinu bilketan Juanito Dorronsorok egindako lana berritu, eta sortzaile eta bertsoekin lotu dute. 6.500 bertsoko bilduma osatua dute transkripzio eta guzti.

Grabazioen katalogoan, 10.000 fitxa egin dituzte Xenpelar zentroan formatu eta euskarri guztietan jasotako materialaren berri emateko. Saioaren ezaugarrien arabera edo izenburuka egin daiteke bilaketa.

Parte hartzeko aukera

Bai Erkiagak bai Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak ideia bat nabarmendu zuten: Xenpelarren berezitasuna bilketa-sistema bera da, elkarte eta norbanakoen aleekin bilduma kolektiboa osatu dutelako azken 20 urteotan. «Edonork egin ditzake bere ekarpenak, bertso sortak, argazkiak, kartelak... edozer ekarriz zentrora gero behar duenak eskura dezan. Webgune berrian ere parte hartzeko aukera ematen diote erabiltzaileari atal guztietan, dela informazioa zuzentzeko, saio bateko bertze dokumenturen bat eskaintzeko edo datuak eskatzeko.

Xenpelar Dokumentazio Zentroa 1991n sortu zuten, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuz, maila guztietako ikerketa bultzatzeko asmoz. Eta Muruak baieztatu zuenez, orain arte egindako ahalegin guztiaren gailurra da atzo aurkeztutako ekimena. Erkiagak aipatu zuenez, aspaldi zuten ideia buruan, baina 2008an Gipuzkoako Aldundiarekin eta Kutxarekin hitzarmen bat sinatu arte ezin ahal izan ziren hasi gauzatzen, hiru dokumentalistako lan taldea zirelako eta nahikoa zutelako egunean ahalik eta ongien mantentzearekin. Hitzarmenari esker, bertze bi dokumentalista hasi ziren lanean eta orduan lortu zuten nahi zuten pausoa emateko gaitasuna. Iametza informatika enpresa ezinbertzeko bidelaguna izan dute, bai ideiak errealitate bihurtzeko eta bai finantziazioa lortzeko baliabideak biltzeko.

Murua hagitz kontent agertu zen gizarteari proiektu hau eskaintzeagatik, eta jendea animatu zuen tresna erabiltzera, publiko zabalarentzat sortu dutelako eta azken batean bertsoa dagoelako denean.

Bertzelako bildumak gizarteratzeko eskaintza

Agertu zutenez, tresna hau sortzeko egin duten ahalegin guztia ez dute eurentzat gorde nahi eta eskaintza egiten diote nahi duenari partekatzeko eta etekina ateratzeko. «Xenpelarren ez dago bertsolaritzaren ondare guztia, eta hemendik kanpoko materiala katalogatzeko, antolatzeko eta gizarteratzeko erabilgarria izan daiteke», ohartarazi zuen Nere Erkiaga zentroko arduradunak.

Bertze euskal generoek bere dokumentazio egitasmoa landu eta gauzatu nahi izanez gero ere lagungarri izan daitezkeen elkarlanetarako zabalik daude Bertsozale Elkarteko kideak. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo