GARA > Idatzia > Euskal Herria

Intsumisioagatik zigortu eta 15 urtera atxilotu du pasaitar bat Guardia Zibilak

Imanol Mercero pasaitarra Aisa (Huesca) herrian atxilotu zuen Guardia Zibilak maiatzean, 90eko hamarkadan soldaduskari uko egiteagatik. Intsumisioagatik epaitu eta zigortu zuten 1996ean, baina, akats bat dela-eta, Estatuko artxiboetatik oraindik ez dute bere kasua ezabatu.

p019_f02.jpg

Oihane LARRETXEA |

Derrigorrezko soldaduska indargabetu zuen legeak aurten hamar urte beteko dituen arren, oraindik intsumisioarekin loturiko atxiloketak gertatzen dira.

Imanol Mercero pasaitarra maiatzaren amaieran Huescako Aisa herrira joan zen familiarekin asteburua igarotzera. Lo zeudela, Guardia Zibileko agenteak ostatuko logelara sartu ziren Mercerogatik galdezka, eskuartean 1997. urteko agindu judiziala zutela. Bere burua Poliziaren aurrean aurkeztu ostean, eskumuturrak bilurrekin helduta kuarteleko ziegara eraman zuten, berak behin eta berriz atxiloketaren arrazoia galdetzen zuen bitartean. «Agindua Ceutatik dator», da eman zioten argibide bakarra. Orduan lotu zuen Mercerok atxiloketa intsumisioarekin, izan ere, 90eko hamarkadan soldaduska Ceutan egitea egokitu zitzaion.

Ziegan 12 ordu igaro ostean, azkenean, guardiako epailea agertu zen. Berak agindu zuen pasaitarra aske uzteko, bere esanetan ez zegoelako inolako arrazoirik giltzapean edukitzeko.

Epaitua eta kondenatua

«Ni 1990. urtean egin nintzen intsumiso eta Ceutara joateko deitu nindutenean, derrigorrezkoak ziren paper guztiak bete nituen soldaduskari uko egiteko», adierazi zuen Mercerok. 1994ean, Ceutako epaitegiak epaitu egin behar zutela jakinarazi zion; berak hala eskatuta, Donostiako epaitegira eraman zuten auzia. Hain zuzen ere, 1996ko urriaren 31n epaitu eta zigortu zuten Donostiako bigarren zigor epaitegian. «Uste nuen nire `delitua' dagoeneko guztiz kitatuta zegoela», esan zuen. «2001. urtean intsumisioa eta objekzioa ezabatzen zituen legea onartu zen arren -salatu zuen-, gaur egun oraindik ere intsumisoak jazarrita gaude».

Gertatutako guztia «judizialki jasanezina» dela adierazi zuen Alvaro Marcetek, 80ko eta 90eko hamarkadetan ehunka eta ehunka intsumiso defendatu zituen abokatuak. Pertsona bat agindu judiziala medio atxilotu beharra dagoela adierazi zuen, eta, beraz, norbaitek agindu hori igorri behar izan zuela. «Nork ordea?», galdegin zuen abokatuak guztiz harrituta.

Donostiako epaiketa egin ostean, Mercerok jasotako urtebeteko zigorraren berri eman behar zitzaion Justizia Ministerioari, baita Ceutako epaitegi zibil eta militarrari ere -bertan egin behar zuen soldaduska-. Dirudienez, hori ez zen behar bezala egin.

BEHIN BETIKO

Kasua ia isolatua izan arren, Marcetek dei egin zuen intsumisoek euren egoera berrazter dezaten, halako gertaerak ekiditeko. Kakitzatetik ere eskaera argia egin dute: «Justizia erakundeei dagokie honekin amaitzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo