GARA > Idatzia > Mundua

Barazkien debekua arindu eta ernatutako hazien pistari segika jarraitzen du Berlinek

«Kasik seguru» dira «E.coli» bakteriaren erroa Saxoniako laborantza soro batean dagoela, baina ez dute erabateko ziurtasunik. Barazkien betoa altxatuta, normaltasun zantzuak atzematen hasi direla dio Berlinek.

GARA | BERLIN

Hainbat astetako kezka eta arrangura baretzeko, metodo edo formula egokia atzeman dutelakoan dira Alemaniako ikertzaileak. Uste guztien arabera, ernatutako hazietan dago barazkien krisia eragin duen jatorria. Halaxe uste dute Robert Koch institutuak eta arriskuen ebaluazioa egin duten institutu federalek.

Uelzen distrituko Bienenbuttel herrian dagoen laborantza soro ekologikoari begira hasi dira ustezko iturburua delakoan, baina ez dute horren erabateko ziurtasunik; izan ere, enpresa horretako produktuei egindako analisiek «E.coli» bakteria dutenik ukatu egiten dute. Ostera, kutsatutako sendi baten zaborrean aurkitutako hazi-zorro batek bakteria gordetzen duela eman dute jakitera, eta horrek ipini ditu berriz pista horri segika -hasieran ere izan zuten horren susmoa-. Institutuak berak dio «iturburu posibleena» dela uneotan, baina ez segurua; dagoeneko hilabete pasatxo irauten duen krisiaren irtenbidea izan daitekeelakoan-edo, aukera horri etsi-etsian eutsi diote ikertzaileek.

Edozein kasutan, nahiko argiro geratu da zailtasun handiak egongo direla eritasunaren benetako jatorria kausitzeko. Aukera horretaz ohartarazten pasa dute aste osoa adituek, eta, atzokoan ere, ez zuten kontrakorik defendatu.

Kontuak kontu, krisiak eragindako biktima kopuru altua da orain arte zalantzarik uzten ez duen bakarra; 2.500 kutsatutik gora eta 31 hildako -atzo bertan azkenekoa-. Hori da, noski, ondorio larriena, baina ez bakarra: galera ekonomiko larriak ere eragin ditu krisiak barazki laborantza sektorean. Auzia ahalik eta lasterren itxitzat emateko ahaleginak nabarmen geratu dira jendaurrean, eta hain zuzen, eritasuna dutenen kopurua edota kasu gehiago azaltzeko parada murriztu delakoan, luzokerrak, tomateak eta uhazak kontsumitzeko debekua arindu dute Alemaniako osasun zerbitzuek.

Errusia, zuhur

Alemaniako Gobernuak barazkien betoa altxatzeko erabakia kautelaz hartu behar dela ohartarazi badu ere, pozarren jaso du Bruselak, haiek defendatutako ustea baieztatu dela diotelako: «Denbora guzti honetan esaten ibili garen moduan, Europako Batasuneko produktuak osasuntsuak direla iradokitzen du horrek», adierazi du Frederic Vincent ordezkariak.

Zuhurtzia handiagoarekin hartu dute berria Errusian, ordea. Krisia lehertutakoan europar jatorriko barazki guztien inportazioa etetea ebatzi zuen Moskuk, eta neurria «itxuragabea» zela iritzita, kontuak eskatu zizkion Bruselak herenegun bi potentziek egindako azken orduko bilkuran.

Gauza da, informazioa ezkutatzen aritzea leporatu ziola Errusiak EBri, eta zenbait herrialderekin zuzenean hartu-emanetan hastearekin mehatxatu zuela, Herbehereekin, Estatu espainolarekin edota Suitzarekin, besteak beste. Horrek mespretxu imintzio itzela ekarriko luke Bruselarekiko, bertako ordezkariak gainditzea suposatuko bailuke.

Hori gerta ez dadin bermeak jarri ditu EBk, dena dela, mehatxatutakoa proposamen bilakatuz; hots, aurrerantzean, EB osatzen duten herrialde bakoitzeko informazio xehatua konpartitzeko konpromisoa hartu du Bruselak, herrialdekako hartu-emanak saihestuz. Berme horiek onartuta, Errusiak inportazioak baimentzeko erabakia hartuko duela espero da. Printzipioz, pozik agertu dira bi potentziak erakutsitako «hurbiltasun eta gertutasunarekin».

laborariak, pozik

Laborarien Europako elkarteak pozik agertu dira barazkiak kontsumitzeko betoa arindu delako. Alta, izandako kalte-ordainen ehuneko ehuna jasotzeko exijentzia ere egin dute -erdia bakarrik hitzeman die EBk-.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo