Eider Rodriguezen «Katu jendea» eleberriak jaso du Bilboko Liburu Azokaren Zazpi Kale saria
Iazko azokan euskarazko liburu salduena izan zen Eider Rodriguez errenteriarraren «Katu jendea» eleberria, eta, hori dela eta, Zazpi Kale saria jaso zuen atzo.
GARA | BILBO
Desira eta komunikazioa lantzen ditu Eider Rodriguezek iazko apirilean Igartza bekari esker argitaratu zuen «Katu jende» (Elkar) nobelan. «Hurkoa geure bilakatzeko desira landu dut», azaldu zuen aurkeztu zuenean, «bestea gure bakardadera gerturatzeko premia aseezina», hain zuzen.
Liburu horixe izan zen 2010ean Bilboko Liburu Azokan euskarazko nobelarik salduena eta atzo Zazpi Kale saria jaso zuen ordainetan.
«Tiroa kontzertuaren erdian»
Bestalde, Txalaparta argitaletxearekin batera, «Tiroa kontzertuaren erdian» liburua aurkeztu zuen atzo Rodriguezek azokan bertan. Belen Gopeguiren hitzaldi batetik sortutako liburua da, literatura eta politikaz hausnartzen duen saiakera. Ainhoa Caballerok itzuli du euskarara eta Rodriguezek hitzaurrea egin dio.
Errenteriarrak atzo azaldu zuenez, hitz batek laburtzen du liburua: «Egiantza». Gopeguiren ustetan, gaur egun botereak «egiantza» diskurtsoa menperatuta dauka. Botere hori gizonezkoa, zuria eta heterosexuala da eta hortik kanpo gelditzen dena bazterrekoa bihurtzen da. Liburuan adibideak aipatzen dira eta Rodriguezek Euskal Herrikoekin osatu du hitzaurrea.