Ixabel Etxeberria Irakaslea
Garaipen mozkorraldia
Euskal gazteen hainbat ekintzak, Auroreren ausardiak, lan politikoaren kriminalizazioa plazaratu dute; Frantziako plazara heldu da. Lan politiko jarraikiaren emaitza da, lan kolektiboa, bere nortasuna aldarrikatzen duena
Garaipenaren tutak entzuten dira oraindik. Ospakizunak bukatu eta lana gelditzen da. Lana, herritarren artean lasaitasuna hedatzeko, ondoko hauteskundeetan ezker abertzaleari auzapez kopuruaren berdintzeko edo igotzeko. Ondoko asteak esanguratsuak izanen dira eta zabalduko diren lehen mezuak ez dira ahantziko. Zu- hurtzia eta zintzotasuna izanen dira baitezpadakoak.
Hiru urte ditugu ipar Euskal Herrian berriz ere hautesleen aurrean aurkeztu aitzina. Ez gara Autonomia Erkidegoan ezker abertzaletasunak zituen baldintzetan aurkeztuko. Gurea Nafarroan gertatzen denaz hurbilago dago. UPNk duen nagusitasunaren haustea ez da proiektu makala, politikaren ildoetan espiritu finenak eta lan sakonena ez dira soberan, nahiz eta hor ere herri gehiago irabazi diren. Bederen, abertzaleen koherentzia ageri da; sozialistena, aldiz, harrigarria.
Hemen ere erronka ez da sinplea, ezker abertzaleko aukera guztiak biltzea, norabide adostu baten inguruan lan egiteko, ez da lortua oraindik. Alta, abertzaletasunaren hedapenak irakurketa erraza eskatzen du herritarren aldetik. Oinarri politiko zehatz batzuen inguruan elkartzea lehentasuna da. Gero, herriko etxe irabazien mozkorraldia etorriko da. Denbora pixka bat goaitatu behar dugu soilik, traba berririk ez badute asmatzen, askotan Espainiak asmatzen dituen tramankuluak salatzen baitira, baina Frantziak badaki ere lan politikoaren kontrako tresnak sortzen.
Euroagindua horietarikoa da. Euskal gazteen hainbat ekintzak, Auroreren ausardiak, lan politikoaren kriminalizazioa plazaratu dute; Frantziako plazara heldu da. Lan politiko jarraikiaren emaitza da, lan kolektiboa, bere nortasuna aldarrikatzen duena. Hemezortziko hitzordua plaza horren bilana egiteko parada izanen da.
Horren ondoan, Hegoaldeko lorpenak guk egin behar dugun lanaren ideia argiagoa ematen digu. Noski, erritmoa berraipatu digute, erritmo desberdina dela eta toki bakoitzak behar duela tokiko lana garatu. Noski, hau egia handia da; Iruñean eraman behar den lana Donapaleun, Garazin edo Hendaian egin behar denaren desberdina da; Ondarroan egin behar dena ez da ere Donostian egin behar dena. Baina toki horietan guztietan norabide nagusiak komunak dira; adibidez euskararen babesa bultzatu beharko da, nork bere metodologiarekin. Sareak sortuz, euskal lurraldeen arteko loturak azkartuz.
Erritmoa, metodologia tokiari egokitua, nazioa eraikiz, lehentasuna norabide horretan emanez. Kanpoko indarrekin harremanak zainduz, aliantzak eginez, herriko etxeetan politika berriak bultzatu nahi ditugulako. Horretan belaunaldi berriek toki berezia behar dute, gizarteko berrikuntzei begira gazteek duten malgutasuna eta ezagutza garrantzitsuak dira herritarrekin hobeki komunikatzeko. Gizartea aitzina doa eta erritmo horretan aritu behar gara.
Oraindik UMPren eskuetan daude herri asko. Bozka bakoitza igan beharko dugu. Garaipenak urrun direla dirudi; haatik, hauteskunde guztietan irabaziak daude hemen ere. UMPk inposatzen duen garapen ezaren egoeraren aurrean alternatiba bakarra abertzaleen eskutik heldu da. UMPk Parisetik lortzen duen dirua baliatzen du tokiko hautetsien irabazteko. Garai horien bukaera hasia da.