GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Eskalatu ditudan ertz guztiak atsegin handiz gogoratzen ditut»

p042_f01_199x124.jpg

Javier IIturritxa

Mendizalea

“Aristas y crestas de Euskal Herria” gida-liburuaren egilea da Javier Iturritxa. 42 proposamen aurkeztu dizkigu; guztiak ala guztiak mendia eta eskalada uztartzeko asmoarekin. Eta, zalantzarik gabe, bete-betean asmatu du. Eskaladaren alde alpinoa erakutsi nahi izan du, eta, harritzekoa izan arren, Euskal Herrian arlo horretako proposamen ugari jaso ditu.

Andoni ARABAOLAZA

O ndorengo elkarrizketan, Javier Iturritxak Euskal Herriko ertzen inguruko bidaia berezia egingo digu.

Euskal Herrian eskaladari buruz argitaratu diren ia gida guztiak kirol eskaladakoak dira. Zure proposamenak, bederen, haize berriak ekarri ditu. Zuk proposatutako gai horren inguruan hutsune handia zegoen, baina, noiz ohartu zinen horretaz?

Hamasei urterekin mendian ibiltzen hasi nintzen. Eta handik bi urtera eskalatzen. Laster konturatu nintzen bi diziplina horiek uztartzeko modurik onena ertzak egitea zela. Neure buruari erronka jarri nion, Euskal Herriko guztiak egitea. Gidarik ez zegoenez, autodidakta-edo ibili nintzen. Proposamenak egin ahala bururatu zitzaidan hori guztia gida batean sartzea. Eta urte batzuen ostean, hona emaitza.

Nahiz eta Euskal Herria txikia den, han eta hemen eskalatzeko arrokarik badugu. Haatik, harritu al zaitu zure gida horretan 42 proposamen biltzeak?

Euskal Herria hain txikia izateak eta hainbat proposamen eskaintzeak, eta ez bakarrik mendi arloan, betidanik harritu eta poztu nau. Eta ertzak ez dira salbuespenak, zuk diozun moduan; zenbat eta 42 proposamen!

Beti izan dut buruan Euskal Herriko tontor puntuagarri guztiak zapaltzeko asmoa. Eta horrek izugarri erraztu dit bilatze lan hori. Izan ere, mendira joaten nintzen bakoitzean, beti erreparatzen nion ea merezi zuen ertz bat ikusten nuen. Eta gehienbat horrela lortu dut liburua osatzeko informazioa, alegia, nik neuk bilatzen. Eta nik uste dut horrek plus bat ematen diola gidari, hots, liburuan argitaratutako zenbait proposamen beste inon ez dituzue aurkituko. Ez da izan kopiatze prozesu hutsa.

Zein irizpide erabili dituzu 42 proposamen horiek aurkezteko?

Proposamenak aurkezteko irizpide bakarra eskala daitezkeen ertzak izatea da. Izan ere, nik Euskal Herriko ertz guztien gida egin nahi nuen eta, horregatik, nik ezagutzen ditudan guztiak jarri ditut. Agian, bigarren mailakoa den baten bat oharkabean ez dut sartu, baina esanguratsuenak hor daude.

Guztiak eskalatu ondoren, 42 proposamen horietatik baten batekin ezustekorik hartu duzu.

Gehienetan txundituta geratu naiz proposamenak egitean, oso onak baitira. Guztiak atsegin handiz gogoratzen ditut. Baina oroitzapen berezi pare bat esatearren, Txindokiko ertza eta Ziordiako ezproia aipatuko nituzke. Txindokiko ertza behin gauez egin genuen, eta oso esperientzia polita izan zen. Eta Ziordiakoa behin Silent Partnetekin egin nuen. Horrela, bi aldiz eskalatu behar denez, egun horretan 460 metro egin nituen eta, gainera, bakarrik. Oso gustura geratu nintzen.  

Kirol eskaladako gidek ez bezala, zureak badu beste filosofia bat. Zertan oinarritzen da?

Gradua soilik ez bilatzean, horixe baita eskaladan batez ere aurkitzen dena. Ertza egiten denean, ordea, beste gauza asko bilatzen dira: paisaia, tontorra, edertasuna, luzera, konpromisoa...  

Izaera alpino hori gaur egun ez dago batere modan. Zure gida oasi moduko bat dela uste duzu?

Zentzu horretan, bai. Izan ere, zuk diozun moduan, gaur egun jendea eskaladan espezializatu da. Lehen, eskalatzaile guztiak mendian ibiltzetik zetozen. Gaur egun, aldiz, jende asko eskaladan zuzenean hasten da. Horregatik, eskalada gida anitz daude, baina ertzen ingurukoak? Bakar bat ere ez. Eskerrak kontua aldatu den. Eskalatzaile guztiak animatzen ditut noizean behin mendian buelta bat ematera. Merezi du eta.

Nahiz eta 42 proposamen horietatik asko errazak izan, ezin dugu ahaztu inguru alpinoan egiten direla. Zailtasun teknikoak, beraz, ez du garrantzi handirik. Bai, ordea, beste kontu batzuek. Zer aholku emango zenizkioke irakurleari?

Hasteko, azpimarratu nahiko nuke horixe, gehienak errazak direla. Nire ustez, hori, lehen esan ditudanez gain, beste abantaila bat da. Askoz jende gehiagorengana irits daitezke. Nahi izanez gero, edonork goza dezake horietan. 

Hala ere, errazak izateak ez du esan nahi arriskurik ez dutenik. Horregatik, nire aholkua pixkanaka-pixkanaka hastea da. Mendia beti hor egongo da. Hortaz, patxadaz hartu eta horman ibiltzen ondo ikasi arte, ez sartu.

Badira berez ertzak ez diren proposamenak, zailtasun teknikoak dituztenak eta paraboltekin ekipatuta daudenak. Zergatik sartu dituzu proposamen horiek?

Ertza izan gabe sartutako bakoitza arrazoiren bategatik sartu dut: tontor enblematikoren batean bukatzen zirelako, oso eskalada politak zirelako, via ferrata zirraragarria zelako... Ziur horiek ere gustatzen zaizkizuela.

Estetika, zailtasuna, desnibela eta gogortasuna. Lau atal horietarako proposamen bana eskatuko dizut.

Estetika, Anbotoko ertza. Niri gehien gustatzen zaidan mendia hauxe da. Eta benetako ibilbide polita egin nahi baduzue, ez izan zalantzarik eta joan hara.

Zailtasuna, Ziordiako ezproia. Zailtasuna diodanean, graduari buruz ari naiz. Izan ere, 7a-ko zatitxoak aurkituko dituzue. Zuen burua estutu nahi baduzue, hortxe aukera.

Desnibela, Ezkaurre. Proposamen hau eginez gero, 2.000ko batean bukatuko duzue, ertzaren hasieratik 400 metro inguru egin ostean.

Gogortasuna, Larrasa mendian «Via Sartara». Ez dauka gradu handirik, 6a. Baina hau da gehien kostatzen dena, inongo zalantzarik gabe. Eskalada klasikoa da eta, buruari dagokionez, ikaragarri eskatzen du. Prestatuta joan ala ez pasatu handik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo