Joandako garaiak
Mikel ODRIOZOLA «PLATA» Eskalatzailea
Euskal Herriko Euskal Mendizale Federazioaren politikak txapelketetan antolakuntza kualifikatu eta profesionalerantz jo du azken urteotan: epaileek zein ekipatzaileek titulua eta soldata dute. Egiturak leku ikusgarrietan ipintzen dituzte jendea erakartzeko, eta ordutegiek eta araudiak garrantzi handia hartu dute.
Hala ere, sailkapen zerrendetan akatsak edo antolakuntzaren atzerapenak ohikoak dira. 10.00etan hasi behar genuen dortsalak hartzen, eta 10.30 arte ez ziren frontoiko ateak ireki. Baina gu isilik; ohituta gaude, erdaraz esaten den bezala, «mono de feria» izaten.
Txapelketak burokratez bete dira. Ordutegiak betetzeko gai ez diren arren, eskalatzaileok haiek jarritakoa zorrotz bete behar dugu. Araudiak betebehar asko ditu eskalatzaileontzat, baina ez daukagu berotzeko denbora minimo bat ere arautua. Eta burokratentzat ez da garrantzitsua ongi berotzea eliteko txapelketa batean; beraz, dortsala hartu eta 10 minutura, egurra. Denok isilik.
Eskalatzaileontzat ilusio handiko eguna izaten da txapelketa: urduritasuna, itxaropenak... Antolatzaileen aginduak betetzen saiatu naiz beti, seriotasunez parte hartu dut, eta onena ematen saiatu naiz. Ez izan zalantzarik. Azken urteotan, ordea, eskalatzaileok jasotzen dugun tratua asko aldatu da. Txapelketaren giltza izatetik, arauditik irten eta tranpa egin dezaketen neska-mutil maltzurrak gara orain. Eskaladaren festa eder hauetan dirua ordaindu behar duten bakarrak eskalatzaileak dira. Gogoratzen dut, bitarteko gutxi zituzten garaietan, Euskal Herriko txapelketetan 70.000 pezeta irabazten zirela. Egun, 300 euro. Nork kudeatzen du aurrekontuotako dirua? Burokratek.
Pena handiz esan behar dut, aurten ez dela egon Euskal Herriko eskalatzaileon arteko lehia, emaitza beste bat izan zitekeelako finalean seigarren finalista izan balitz. Baina norbait lasaiegi ibili zen burokraten exijentzietarako. Barkamena eskatu behar diet Elgetara txapelketa ikustera gerturatu ziren guztiei. Izan ere, eskalatzeaz gain, antolakuntzaren atzetik ibili eta araudia puntual betetzea ere gure ardura da. Eta ni, potrohandi, isolamendu guneko ordutegia noiz ixten zen jakin gabe joan nintzen bazkaltzera. Bueltan, nagusien mailarako egin beharreko blokeak ez zeuden prest. Txapelketa hasteko ere denbora falta zen, ordu eta erdi, eta ezin nuen inolako abantailarik izan.
Baina ordutegia ordutegia da, eta ni 20 minutu berandu iritsi nintzen eta esan zidaten ezin zela aurrekaririk ipini; ezta sailkapenetik kanpo parte hartu ere. Izan ere, zer pentsatuko du publikoak... Orduan jakin nuen erreklamazio bat egin nahi baduzu, 60 euro ordaindu behar dituzula.
Inor ez zen nitaz arduratu; badirudi eskalatzaileok ere onartu dugula gauzak horrela direla. Baina zer irabazi dugu eskalatzaileok? Joandako garaiak faltan botatzen ditut. Bestelako adiskidetasun bat falta botatzen dut.