GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Airbag sistema: olatu handietarako asmakizuna

Shane Dorian surflari profesionalak ur azalera azkarrago igo ahal izateko airbag sistema duen neoprenozko jantzia diseinatu du.

p046_f01_148x136.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Joan den neguan gorriak ikusi zituen Shane Dorian surflari profesionalak Maverickseko olatu batean erori ostean. Ez dira asko leku honetan surf egitera ausartzen diren surflariak, baina asko dira bertan egoera latzen bat jasan dutenak. Baita bertan hildakoak ere.

Heriotza inoiz baino gertuago ikusi zuen Dorianek, eta ur azpitik itsas azalera igotzen lagun dezakeen sistemaren bat behar zuela pentsatu zuen. Bere babesle Billabong enpresak uretarako jantzi edo neoprenozko jantziak egiten ditu, eta Hub Hubbard diseinatzailearekin harremanetan jarri zen. Bien artean ur azpitik gainazalera igotzeko airbag sistema asmatu dute.

Shane Dorian

1972an jaio zen Kailua-Konan hirian, Hawaiin, eta surfean Mike Stuartekin eman zituen lehen pausoak, body board modalitatean bederatzi aldiz munduko txapelduna izan zenak eta ziur aski modalitate horretan izan den pertsonarik ezagunenak. Dorianen aita Hollywoodeko aktorea zen eta Elvis Presleyren ordezko agerraldiak egin zituen zenbait filmetan. Amak, berriz, kulturismoko txapelketetan parte hartzen zuen.

Bost urte zituela, aitak lehen surf taula oparitu zion bere urtebetetze egunean, eta ordutik bodyboard-a albo batean utzi zuen. 1987an, hamabost urte zituela, oso emaitza onak lortu zituen Hawaiiko Sandy Beach hondartzan egin zen munduko txapelketa batean. Izen handiko surflariak kaleratzeko gai izan zen, eta horren ostean ezagunagoa egin zen. Surflari profesional batzuk gertutik ezagutzeko aukera izan zuen, Brock Little eta Todd Chesser, ordura arte jarraitu beharreko eredu zituen bi surflariak esaterako, lagun bilakatu ziren, eta, dudarik gabe, bere ibilbidean eragin handia izan dute.

1992an, hogei urte zituenean, Little eta Chesserrekin itsasoratu zen olatu erraldoiak zeuden egun batean. Egun hartan izan zuen esperientzia honela deskribatzen du Dorianek: «Ni sartuegi nengoen, baina olatu bat hartu nahi izan nuen eta itzulipurdika amaitu nuen haitzen gainean. Konortea galdu nuen. Esnatu nintzenean, ez nituen hankak sentitzen eta ahoan bitsa baino ez nuen. Esperientzia hura erabakigarria izan zen niretzat. Brock-ek esan zidan bezala, egun hartan hil nintekeela konturatu nintzen».

Hurrengo urtean, 1993an, munduko ASP surf zirkuituan lehian hasi zen Dorian. Hamaika urte egin zituen goi mailako zirkuituan, 2004. urtean lehia uztea erabaki zuen arte, baina hainbeste urtetan goi mailako postuetan egon arren, ez zuen emaitza ikusgarririk lortu. Ez zituen txapelketa asko irabazi, baina irabazitakoen artean, 2000. urtean Mundakan egin zen munduko surf txapelketa dago.

Ordutik, batez ere, olatu handietan ikusi ahal izan dugu, eta jaso dituen sariak ikusita, WCT zirkuituan aritu zenean baino emaitza hobeak lortzen dituela esan daiteke. Tourra utzi aurretik egin zioten elkarrizketa batean argi utzi zuen bere azken nahia: «Nire surfa eremu guztietan hobetzeko lan egingo dut. 100 oineko olatuaren zain egoteko aukera izan nahi nuke, baina oraintxe bertan ezin dut, lehiaketan murgilduta bainago».

Olatu handien XXL hautaketetan sari bat baino gehiago jaso ditu Dorianek. 2006an, esaterako, tubo handienaren saria jaso zuen Teahupoko olatu erraldoi batean tow-in bidez hartutako tubo bati esker. Baina, lorpen garrantzitsuena eremu honetan behintzat, aurten lortu du, arraun eginda Jaws-en hartutako olatu batekin bi sari lortu baititu, tubo handienaren saria eta arraun eginaz hartutako olatu handienaren saria. Olatu hau, orain artean arraun eginda hartu den handiena dela diote adituek. 57 oineko altuera (19 metro) zuen olatu harekin beraz, aurreko errekorra ere gainditu zuen.

Dorian surfari ikuspegi berritzailea erantsi zion New School taldea osatzen zuten surflarietako bat izan zen, Kelly Slater, Rob Machado eta Taylor Knox surflari ezagunekin batera. 90eko hamarkadako surfaren izaera finkatu zuten eta ordura arteko surfa arinagoa eta dinamikoagoa bihurtu zuten.

Dorian, ez da ezaguna surflari gisa bakarrik, baita aktore gisa ere. 1998an egin zen «In God's Hands» filmeko protagonista da. Hiru surflari olatu handietarako prestatzen ari dira (Shean Dorian, Matt George eta Matty Liu) eta erreportari batek haien pausoak jarraitzen ditu, Shaun Tomson surflari historikoak. Olatu handietako irudi ikusgarriak dituen film honek, surfa ulertzeko duen modua ere irudikatzen du neurri handi batean.

Asmakuntza

Shane Dorianek, olatu handietako surflaria izanik, ezusteko aunitz izan dituela pentsa daiteke, baina dirudienez, azkenengoa oso muturrekoa izan da; bere esanetan, inoiz ez bezalakoa, surflariari lagun diezaiokeen sistema bat asmatzera bultzatu baitu. Billabongeko neoprenozko jantziak egiten dituen diseinatzailearekin elkartu eta oso serio hartu zuen afera; buru-belarri aritu da airbag proiektuarekin lanean eta emaitza onak lortu ditu.

Lehenik, salbamendu enpresa batekin jarri ziren harremanetan, haien esperientziaz baliatuz material egokia lortzeko helburuarekin, eta jarraian, buruan zuten ideia gauzatzeari ekin zioten. Hegazkinetako salbamendu-jakak bezala, sokatxo batetik tira eginda puzten den poltsatxo bat daraman neoprenoa diseinatzen hasi ziren.

«Billabong V1» deitu dute diseinatu berri duten neopreno jantzia. Sokatxo batetik tira eginez gero, aire poltsa bat puzten da bizkar aldean, eta surflaria gainazalera bultzatzen du. Sistema baliozkoa dela frogatzen duten esperimentuak ere egin dituzte.

Lehen probak ur geldotan egin zituzten eta sistemak ezin hobeto funtzionatzen zuela ikusi zuten. Bideoetan ikus daitekeen moduan, bizkar aldean dagoen aire poltsa betetzean surflaria oso azkar igotzen da gainazalera.

Lehen saiakera haren ostean, Shane Dorianek baldintza errealetan proba egiteko hautua hartu zuen eta lortutako emaitzarekin oso gustura agertu zen. Hawaiiko Jaws leku famatua aukeratu zuen olatu erraldoiak hartu eta neoprenoa probatzeko. Bideo batean ikus daitekeen moduan, sistema erabili ostean, ontzi batera joan zen haize poltsa hustu eta balbula berri bat itsastera. Jarraian, berriz ere beste olatu baten bila abiatu zen. Bigarren olatua itzelezkoa izan zen eta, berak oraindik ez bazekien ere, bigarren olatu hartan hartutako irudiei esker irabazi ditu aurtengo XXL izendapenetako bi sari nagusi.

Alabaina, irudi horietan sistema honek duen arriskuetako bat ere agerian geratu zen. Behin poltsa airez beteta, surflaria itsas azalera igotzen da, baina inork jasotzen ez badu, ezer gutxi egin dezake etor dakiokeen beste olatu baten aurrean.

Alegia, ur azpian atera ezinean dabilen surflariak gora egin ahal izateko asmakuntza bikaina da, baina behin itsas azalera iritsita, norbaitek surflaria erreskatatzen ez badu, hurrengo olatuak are bortitzago kolpekatuko du surflaria, ezin baitu hondoratu, eta kasu gehienetan olatu handietako lekuak arroketan izaten direla kontuan hartuta, haitzak bete-betean jotzeko aukera handia dago.

Sistema komertzializatu gabe dago eta patenterik ere ez du oraindik. Datozen urteetan, surfaz gain, beste zenbait eremutan erabili ahal izango den asmakizuna da. Zenbait kasutan, surflaria bizirik ateratzeko tresna oso lagungarria izan daiteke, eta denborak esango du, baina oraindik, olatu handietan ibiltzeak arriskutsua izaten jarraitzen du.

airbag sistema

Heriotza gertu-gertutik ikusi zuen Shane Dorianek, Mavericksen, muturreko egoera batean; horren ostean, neoprenozko jantziei surflariei gainazalera igotzen lagunduko liekeen airbag sistema eranstea posible ote zen aztertzen hasi zen diseinatzaileekin batera.

Lehen ezustekoa

«Itzulipurdika amaitu nuen haitzen gainean. Konortea galdu nuen. Esnatu nintzenean, ez nituen hankak sentitzen eta ahoan bitsa baino ez nuen. Esperientzia hura erabakigarria izan zen niretzat. Brock-ek esan zidan bezala, egun hartan hil nintekeela konturatu nintzen».

arriskua

Asmakizun honek duen arriskuetako bat honakoa da: behin poltsa airez betetzen denean, surflaria gainazalera igotzen da eta arnasa har dezake, baina inork jasotzen ez badu, ezer gutxi egin dezake etor dakiokeen beste olatu baten aurrean, eta haitzen kontra joateko arrisku bizia dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo