Surflari ernegatua
Surf eta borroka!
Surflari ernegatu honek, artikulu txatxu hauek idazten hasi zen egunetik, kritikak baino ez ditu jaso, eta gehienak txarrak gainera. Zenbait blogarik, izenik ematen ez dudala-eta, ezkutuan nahi dudana esaten dudala diote. Antza, oraindik baten batzuk ez zarete konturatu ondoko artikuluak idazten dituen morroi berbera naizela. Ernegatua izengoitia forma aldetik lotsagabeagoak diren artikuluak sinatzeko erabiltzen dut. Agian, gaitza da nirea, ez lotsatzearena alegia, baina horrela da. Eskolan, irakasleak idiarena jotzen harrapatu gintuen hartan ez nintzen gorritu. Ezta gaztetxeko buru handien txapelketa irabazi nuen hartan ere, eta nor naizen esateagatik ere, ez zaizkit Heidi sufrituaren masailak marraztuko.
Ohiko kritiketatik harago, ordea, badira surflari ernegatuak jaso dituen gauza onak ere, berriki fan batek bidalitako panpina surflaria kasu. Oso ongi egindako panpina surflaria da, paper bustia, kola eta pinturarekin egindako maisulan bat. Surflariaren taulan RIP arrasatearren irudi ezaguna marraztu du, punk itxura duena, Portu baxu-jotzaileak hainbestetan esku artean eramaten zuen presoen aldeko ikurraren ondoan. Atzeko oinean txikota eta guzti darama, eta aurrealdeko eskuan makil luze bat dauka, Indiako kedats makilak ezartzeko primerakoa. Eskuin izterrean, berriz, neoprenozko jantzitik kanpora ateratzen zaion zakil pusketa bat ageri da. Esandakoa, maisulan bat.
Panpinaren taulak azpialdean honako lema hau du: «Surf eta borroka». Goiburu honek antzinako garaiak oroitarazi dizkit. Ni surf egiten hasi nintzenean, 1986. urtean, ez zegoen hainbeste surflari nire herrian, baina zeuden gutxi haiek oso ongi bereizita zeuden. Batetik, zonalde turistiko eta aberatseko surflariak zeuden, surflari aitzindariak. Bestalde, herriko erdigunean bizi zen jendeaz osatutako talde bat ere bazen, kai inguruan surf egiten aritzen zena. Kai ondoan oso olatu onak izan ziren negu batean zonalde aberatseko surflariak bertaratu ziren eta liskar biziak izan ziren haien artean. Kalapitek hondartza ondoko hormetan isla izan zuten eta ohiko «locals only» goiburu ezagunaz gain, oihartzun handiagoa izan zuen beste pintada bat ere agertu zen; «surf eta borroka».
Herriko jendeak itzelezko sorpresa hartu omen zuen pintada harekin; izan ere, surflariak «pijoak» baino ez ziren garaiak ziren haiek eta herritarrek lema hari berez ez zuen kutsu politikoa eman zioten. Pintada egin zuenak «borroka» zioenean, beste zonaldeko surflariekin zuten «gerra» zuen hizpide, baina jendeak beste zentzu bat eman zion. Pintada hark jendearen ikuspuntuan eragina izan zuen beraz, eta horixe bera omen da artea, batzuen esanetan, eragitea, edo horixe bera bilatzen omen dute graffiti egileek.
Candido Portina margolari eta artista brasildarrak «ez nago» esaten omen zien bere etxeko atea jotzera hurbiltzen ziren Montevideoko pentsalariei. Komunistek bere iritzia jakin nahi zuten, baina Portinak behin eta berriz ixten zien atea muturrean. Behin bakarrik erantzun omen zien, eta zera esan omen zuen: «Nik ez dakit. Nik, dakidan gauza bakarra zera da; artea, artea da, edo kaka zaharra da».
Nik ere ez dakit artea zer den. Ez dakit pintada bat artea izan daitekeen, poesia, edo hitzez osatutako esaldi soil bat. Baina ikuslearengan eragiten duen objektua artea bada, panpina surflaria ere artea da, dudarik gabe.
Horra irudia, zerorrek ebatzi.