Josebe EGIA
«Loser» ala «winner»
Mundua menderatzen duen politika ekonomiko neoliberalaren oinarriak, besteak beste, indibidualismoa gailenaraztera daude bideratuta. Norberaren arrakasta, norberaren itzala, norberaren ongizatea... guztia jabetza materialen arabera neurtuta, eta jabetzok besteek ikusiak izateko gaitasunaren trebakuntzan bermatuta.
Ondorioz, politika horren mendeko egungo jendarteak, pertsonak, bi multzotan bereizten dira: irabazleak eta galtzaileak. Lehenengoak, jakina, arestian aipatu guztia betetzen duten subjektuak -oro har gizonezkoak- dira, hots, berezko talentua eta adimena baliatuta, gogor lan eginda eta borrokatuta, arloan arloko goi-mailara iritsi direnak, nahierara jarduteko eta jardunarazteko botere gorena erdietsita. Horiek baitira kapitalak elikatu eta bestelako mozorropean finkaturiko neoliberalismoaren tranpak: jeinua, adimena eta lana, eta horietan baino ez sinestea. Alegia, sinestea, horiek izanez gero, lehenengoen taldean salbu egongo garela, bai ala bai iritsiko garela bizitzaren gozotasunak dastatzera. Sinestea, bidean geratuz gero, erdipurdikoak, ezgaiak edo alferrak garelako izango dela, besterik gabe, bigarren mailakoak izatera kondenatuta, looser etiketa ondo merezita, alegia.
Loser, milaka film eta telesailetan hedatua, bizitzan porrot egin duenaren irudi gisa, etsita, lotsatuta, dezepzioaren zamak makurtuta. Kapitalismoaren sustatzaile eta gailur diren Ameriketako Estatu Batuetan sortu eta mundura hedaturiko, eta barneraturiko, kontzeptua. Bestelako edozeri erreparatzen ez dion egungo jendarte-ereduan, irabazleak irabazle izateko eta ereduaren beraren izatezko arrazoia sendotu eta hedarazteko galtzaileak beharrezkoak dituenak, nortzuk dira loserrak? Hala moduzkoak, nagiak eta leloak? Anbizio eta aurrera egiteko ametsik gabeak? Egonean egoteko asmo nagusia dutenak?
Uste hori izan dezagun funtsezkoa du ereduak, nagusi izango bada, norberaren errealizazio eza geure errua besterik ez dela pentsatzea, tresna guztiak -telebista, publizitatea...- eredu horren gezurra ezkutatzeko baliatuta. Izan ere, ez dago aurrera egiterik norberarentzako betarik hartu ezinik, norberaren burua prestatzeko eta trebatzeko baliabiderik barik, besteekin harremanetan sartu eta proiektuak partekatzeko beharrezko denbora eta guneak murriztuta, pobretasunetik ateratzeko inolako aukerarik gabe, etorkizuna iraute edo gutxieneko ongizate-maila lortze hutsera mugatuta. Bizitzan norberaren helburuak betetzea, edozein direla ere, ez dago norberaren gaitasun, adimen eta lan hutsaren esku. Ez da, saltzen zaigun bezala, borondate kontu bat.
Kanpo-faktoreek (lanak, familiak, denbora pertsonalak, aukerak) duten berebiziko garrantzia alde batera uztea, faktore horiek batzuei eta besteei nola eragiten dieten ez aztertzea, eta ondoriozko erabakiak ez hartzea, agertoki sozialeko baldintzen arduradunen erantzukizuna ez exijitzea, eta finean, eredua pertsona bakoitzaren eskubide eta aukera-berdintasun ezan oinarritzen dela ez aitortzea, horiek dira loser ala winner bihurtzen gaituen jendarte-ereduaren oinarriak.