Abaltzisketatik Larraulera igaro da eskola txikien aldeko jaiaren lekukoa
Urtean egun batez elkartuta eskola txiki guztiek handiak ere badirela erakusten diote Euskal Herriari. Hain justu ere, atzo, Abaltzisketak jaso zuen Eskola Txikien Jaia, eta bertan eskola txikiek bizirik dirautela eta horrela jarraitu nahi dutela aldarrikatu zuten. Haur jolas ikuskizunen artean, eguerdian Larraulgo Eskola Txikiari eman zioten datorren urteko jaia antolatzeko ardura dakarren lekukoa.
Janire ARRONDO | ALBATZISKETA
Abaltzisketako Txalburu eskolako guraso eta haurrek beso zabalik hartu zituzten atzo euren herrira hurbildu ziren ehunka lagunak. Eguraldia lagun, Txindokiren magalean 24. Eskola Txikien Jaia ospatu zuten atzo haur jolas, pailazo eta malabaristekin. Atzokoa eskatzeko baino, eskertzeko jaia izan zela nabarmendu zuen jaiaren koor- dinatzaileak.
Duela bi urte Berrobin egin zen Eskola Txikien Jaia; iaz, berriz, Altzon; eta atzo Abaltzisketari egokitu zitzaion. Goizeko hamar eta erdiak inguruan eman zioten hasiera egunari, eta ordurako jende ugari hasi zen Abaltzisketara hurbiltzen. 300 biztanle inguru dituen herriak 3.000 lagun inguru jaso zituen atzo, antolatzaileek azaldu zutenez. Goiz osoan zehar haurrentzako jolasak antolatu zituzten, Goiko Kalean, frontoian eta frontoi atzeko karpan adinaren arabera bereizita. Eguerdian, ekitaldia egin zuten plazan eta datorren urteko jaia antolatzeaz arduratuko den Larrauli lekukoa eman zioten. Arratsaldean, berriz, txikienek Pirritx eta Porrotxen ikuskizunarekin gozatzeko aukera izan zuten, eta zaharxeagoek malabarismo emanaldia izan zuten. Edonola ere, egun osoan festa giroak hartu zuen Abaltzisketa; Ordiziako Laguntasuna errondaia arduratu zen festa giroa jartzeaz.
Urteak igarota
Gaur egun, 2 eta 12 urte arteko 37 ikasle eta 6 irakasle ditu Abaltzisketako Txalburu eskolak eta ume horiexek dira herriari bizia ematen diotenak. Bizitzeko era eta irakastekoa ezberdinak dira eskola honetan. Adin ezberdinetako ikasleak gela berean elkarrekin izateak irakaskuntza pertsonalizatua izatea dakar eta emaitza onekin gainera.
Urte askotako gorabeheren ondoren, badute Abaltzisketan eskola txikia, eta bere horretan mantentzeko prestutasun osoa dute. 1999. eta 2000. urte artean Amezketako eskolako gela bezala funtzionatzen hasi ziren Abaltzisketan, eta 2004. urte arte ez zen Txalburu eskola gisa martxan jarri.
Azken urteotan gero eta jende gehiago bizi da Abaltzisketan eta espero dute euren eskola txikiaren geroa bermatua izatea.
2004-2005 ikasturtean sortu zuten Txalburu eskola txikia Abaltzisketan. Gaur egun, 2 eta 12 urte arteko 37 ikasle eta 6 irakasle ditu Abaltzisketako eskola txikiak.