GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Haur eta gaztetxoek komunitate berria izango dute EITBn

Betizu Kluba ordezkatzera datorren eta «gaztetxoen euskal komunitate digital handiena» izan nahi duen Hiru3 iragarri du EITBk. Haur programazio eta entretenimenduzko edukiak jasoko ditu eta ETB3n nahiz eitb.com-en tarte garrantzitsua izango du.

GARA | BILBO

Betizu Jaiaren 10. urteurrenean, Hiru3 komunitatearen sorrera iragarri du EITBk. Izan ere, komunitate berri honek ordezkatuko du Betizu Kluba aurrerantzean. «Gaztetxoen euskal komunitate digital handiena izango da Hiru3», adierazi zuten telebistako arduradunek.

Haur programazio eta entretenimenduzko edukiak jasoko ditu Hiru3k. Paperezko gutunak desagertu eta harreman guztiak sarean izango dira. Orain arte Betizuko bazkideak izan diren guztiak, 70.000 bazkide baitzituen klubak, Hiru3ko izatera pasako dira. Horretarako, euren posta helbidea bidali beharko dute eitb.com-era.

ETB3n tarte garrantzitsua izango du Hiru3k. Ekainaren 23tik aurrera «irudi erakargarri eta modernoan bilduta» erakutsiko ditu edukiak, marrazki bizidun eta gaztetxoentzako saioekin. Goizeko zazpietatik hamar eta erdietara haur programazioaren edukiontzi izango da, besteak beste, «Doraemon», «Shin Chan», «One Piece», «Megaman» eta «Keroro Sarjentoa» telesailekin.

Telebista katea ez ezik, eitb.com-en atari garrantzitsua izango du eta parte hartzea eta hurbiltasuna izango ditu ezaugarri. Kideekiko harremanak «zuzenak eta pertsonalizatuak» izango dira; izan ere, Hiru3 komunitateko partaideen harreman guztiak Internet bidezkoak izango dira.

Ohar batean adierazi zutenez, «segurtasun kontuekin zorrotz jokatuko du EITBk» atari honetan, eta webguneak gurasoei ere eskainiko die arreta. Hiru3ko kide diren haurren gurasoentzat segurtasuna bermatzeko garrantzitsua izango den informazio erabilgarri guztia jarriko dute bertan. Facebook-en, gainera, orrialde bat izango da Hiru3ko kideen gurasoentzako informazioarekin.

BETIZUKO BAZKIDEAK

Betizu Klubak dituen 70.000 bazkideak Hiru3 komunitateko kide izango dira. Horretarako, euren posta helbidea bidali beharko dute eitb.com-era.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo