Kronika | Manifestazioa eta jaia Bilbon
Milaka lagunek ekin diote euskal presoak etxeratzeko bideari
Jendetsua izateaz gain, koloretsua izan zen Bilboko manifestazioa. Banderolak soinean, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde egin zuten milaka eta milaka pertsonak, joaldun, txalapartari eta bertsolariek lagunduta. Ez ziren Ibaizabal ertzean soilik entzun aldarriak, baita bere uretan ere; bainujantziaz eta taula gainean, presoak hurbiltzeko eskatu zuten surflariek.
Oihane LARRETXEA
Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu zuen atzoko manifestazioa, eta jendeak bere egin zuen lelo hori. Guggenheim museoaren magalean bildu ziren milaka eta milaka euskal herritarrek ibilbidea egiteko prest daudela erakutsi zuten. Are gehiago, euskal preso eta iheslari politikoak etxera bueltan ekarriko dituen bidea osatzeko dagoeneko abiatu direla erakutsi zuten.
Ohiko ibilbidetik kanpo egin zen manifestazioa, Guggenheim museotik abiatuta udaletxean amaituta. Jarritako orduan -12.30ean- abiatu aurretik, jendea eta jendea batu zen, horien artean, politika eta kultura arloko nahiz sindikatuetako ordezkariak. Marian Beitialarrangoitia, Tasio Erkizia, Miren Le- gorburu eta Txelui Moreno bertaratu ziren ezker abertzaleko ordezkari gisa; Pello Urizar eta beste asko, Bilduren izenean; Rebeka Ubera eta Josu Murgia, Aralarretik; Alternatiba, EA, LAB, ELA... erakunde ugarik egin zuten bat. Pankarta eusten zutenen artean, Joxe Mari Sagardui Gatza, kartzelan urte gehien eman duen euskal presoa.
Kultura arloko eragilerik ere gerturatu zen. Gotzon Barandiaran idazleaz gain, Oihane Enbeita, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Iratxe Ibarra bertsolariak izan ziren Bilbon.
Ezinbesteko urratsak
Ordezkaritza anitza eta ugaria. Ez zen kasualitatea, izan ere, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek adierazi zutenez, egitasmo berri honetan, presoen senide eta lagun eta preso ohiekin batera, hamaika esparrutako jendea batu da, «bide hau egiazkoa izan dadin, herri oso baten konpromisoa baitezpadakoa izango baita».
Ezker abertzaleak Parisek eta Madrilek Euskal Preso Politi- koen Kolektiboaren aurka baliatzen duen errepresioa salatu zuen, «blokeo politikoaren eredu lazgarriena» dela adieraziz. Alde horretatik, Estatu frantsesari zein espainolari honen guztiaren inguruan «urgentziaz» neurri zehatzak hartzeko deia egin zien, «bai dispertsioari dagokionez, bai gaixorik dauden presoei dagokienez». «Parot doktrina» bertan behera uzteko eta preso prebentiboak kaleratzeko eskatu zuen Marian Beitialarrangotiak. Benetako prozesu eta agertoki demokratikoa aurkitze aldera, «ezinbestean» eman behar dituzten urratsak direla nabarmendu zuen.
Pello Urizarrek ere beste hainbeste eskatu zuen. Bere esanetan, jendearen parte hartzea gertatzen denaren isla da. «Ikusten da aldaketarako alde batetik pausoak eman direla eta gizartearen zati handi batek babesten dituela urrats horiek». Halaber, Bilduk eskuratutako uda- letxeetatik norabide horretan zuzendutako mezua berretsiko dutela baieztatu zuen eta normalizazioaren giltzarrietako bat, besteak beste, «presoak etxera, senitartekoen artera gerturatzea» izango dela.
Lurrean, uretan eta airean
Turisten begiradapean abiatu zen manifestazioa, «Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean. Erritmoa martxaren buruan zeuden joaldunek jarri zuten, urratsen irmotasuna handituz, kapelako oihal zati koloretsuak airean dantzan.
Espaloi gaineko aldarriek bidelagunak topatu zituzten Bilboko itsasadarreko uretan, atsedenik gabe Guggenheimetik udaletxeraino arraunean aritu baitzen manifestari talde bat, banderola eta guzti, piragua eta surf taulen gainean. Elkar agurtuz eta eskuaz elkarri musuak bidaliz, errebindikazioak keinu goxo eta alaiekin tartekatu ziren helmugaraino eta, begirada bukaerara luzatuz gero, metafora itxaropentsu gisa, koloretako puxika erraldoiak ikus zitezkeen, banderolaz jantzita eta lau haizetara noiz askatuko zain. Lurrean, uretan eta airean izan zuen tokia, beraz, euskal presoak etxeratzeko aldarriak.
Martxaren burua helmugara ailegatu zenean, herensugea zirudien jendetzaren buztana ez zen inondik inora agertzen; tokitan zegoen oraindik azken muturra! Jendea apurka-apurka gerturatu zen jarritako lau plataforma txikietara. Horietan, amaierako hitzaldiari txanda eman aurretik, txalaparta, euskal dantza eta bertso saio txikiak ikusi ahal izan zituen bertaratutako jendeak.
Gotzon Barandiaranek hartu zuen, Ana Saez de Urabain senidearekin batera, hitza. Idazleak euskal presoak eta iheslari politikoak «desiratzen dugun gatazkaren konponbidearen parte» direla azpimarratu zuen eta, horrenbestez, «Euskal Herrian zabaldu den agertoki berrian, gainerako eragileekin batera, konponbide demokratiko bat lortzeko bidean parte aktibo» izan behar dutela adierazi zuen, «inolako baldintzarik gabe», gainera.
Gatibu nahiz ihes eginda bizi direnen eskubideen alde egiteko, Saez de Urabainek azaldu zuenez, Egin Dezagun Bidea ekimenak Herri Bilguneak eratuko ditu herrietan, bertatik bertara eta jendearen parte hartzeari esker, urratuak dituzten eskubideen alde lan egiteko. Eskaera hau unibertsitate, udaletxe, gaztetxeetara nahiz diasporara zabaltzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen, «sufrimenduaren soka luze hau» lehenbailehen mozteko.
Egun hori heldu bitartean, puxikak askatu zituzten, libre, airera. Presoek berdin egin ahal izan dezaten, bideari ekin zion atzo euskal gizarteak ekin zion.