Xabier Izaga | Irakaslea
Euskal udal osoagoen osaketa
Larunbataz geroztik Lizartzako udaletxeko masta nagusian ikurrina agertzen da, amesgaizto baten edo faxismo ariketa luze baten ondorio baino izan ez zitekeen aldiaren ostean. Ondarruko Udalak herritarren botorik gehien jaso zituen zerrendako lehen hautagaia du alkate. Nafarroan abertzale guztiek elkarri laguntzeko aukera dute aspaldiko partez, eta hala egin zuten, oro har, orain dela hiru egun. Halako batean, espantuz eta aho zabalik ikusi dute batzuek Araban abertzaleen bozkak konstituzionalista espainiarrenak baino gehiago direla.
Hego Euskal Herriko udalen osaketak hainbat egunkari espainiarretako lehen orrialdeak bete zituen. Eta prentsa fatxak bere protesta agertu zuen. Sikiera Bilduk emaitza kaxkarrak izan balitu... Baina horrela ez du balio. «Bildu Batasunak bezala jokatuz iritsi da udalerrietara», zioen «El Mundo»-k: Bilduren jarraitzaileek independentzia eta presoen askatasuna aldarrikatu omen zuten; zer espero zuten, bada, «Cara al sol» entzutea? «La Razon»-ek, berriz, «Izua itzuli da», titulatu zuen, eurentzat beldurgarria baita 600en bat biztanleko herri batean 27 botorekin zinegotzi guztiak ezin lortzea. «Izu» horren ordez, frankismoa itzultzea nahiko lukete, baina ezinezkoa da, horretarako joan egin behar zuelako eta politikari askoren artean, haien bihotzean dago, akademia espainiarretan, Estatu osoko kale askotan eta espainiar askoren buruan.
Oraindik Euskal Herrian milaka lagunek «kutsatuta» segitzen dute, eskubide gabeturik. Oraindik badirau aspaldiko gatazka politikoak, herri honek bide politikoetatik konpontzea erabaki duena, Estatuaren nahiaren aurka, ordea; ehunka preso eta iheslari politiko daude beren herritik urrun eta oinarrizko eskubideak urratuta eta, gainera, haiekiko elkartasuna jazarrita dago. Demokrazia perfekturik ez omen dago, baina herri honek jasaten duenak ez izenondoa ezta izen hori ere ez du merezi. Eta, hala ere, pixka bat demokratikoagoa da Euskal Herria, baina ez Estatu espainolak hala erabaki duelako, baizik eta euskal herritarrak eurek lortzen ez dutena inork ez diela emango konturatu direlako. Litekeena da, bai.