GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Elias Mendinueta, Gaizka Larrañaga eta Mirari Bereziartua | Ikastolazaleak

Laudiora, ikastolen festen bira nazionala jarraitzera

Euskalduntasunaren matazak indartsu jarraitzeko, gizarte zibiletik, herritar guztion laguntza isilarekin haria jarraitzea ezinbestekoa dugulako, gure herriak bera izaten jarraitzeko gure seme-alabengan

Nafarrok, gure herriaren alde ikastola indartzera joan ginen Pirinioen bestaldeko Senperera, besteak beste, Azpeititik. Han hasi ginen lakuari bira ematen, eta nafar lurrei jarraituz (Nafarroako Foru Erkidegoko hiru epaileen baimenarekin!), Ondarroako itsasertzeko Ibilaldiaren zirkuituan eman genion jarraipena, eta orain Laudioko bira egiteko prest gaude.

Ikastola indartzeko bost alditan egiten dugun festa, gure herriaren euskal nortasunari arnasa, hatsa emateko, urrats batekin hasi genuen Senperen. Boga eginez jarraitu dugu Ondarroan. Lehen, orain eta geroarekin iraunkortasuna bermatuz Laudion segida ematera goaz laster batean. Geure erabakimenarekin proiektua bermatzea aktibatzeko klik eginez ikasturte hasieran Azpeitian izango gara, eta birari bukaera emateko, Tafallan, euskaldun guztion nafartasuna indartuz emango diogu.

Hori da ikastola. Euskaldun izaera iraunkor egiteko, lurraldetasun osoan, herritarrok bermatzen dugun hezkuntza proiektua. Proiektu politiko soziala. Auzolanean, gizarte zibilaren burujabetasunetik eta konpromisotik, erantzukizunez gauzatzen duguna, geure Estatua berreskuratzen dugun bitartean. Orduan has gaitezke geure publiko eta pribatuaz hitz egiten. Bitartean dauden publikoak, zaharrak eta berriak, denak espainiarrak eta frantziarrak dira. Espainiar eta frantses identitateak helburutzat dituztelako estatu bakoitzak hala erabakita.

Hezkuntza sistemak herri baten identitatea bermatzeko helburuarekin antolatzen dituzte estatuek. Sistema horren eskolek, berriz, herritarraren identitatea dute helburu. Bien bermea titularraren erantzukizuna da. Eredu publiko guztietan, estatuarena; pribatuetan, berriz, elizarena; Euskal Herrian, nafar Estatua indarrez kendu zigutenetik, besterik ezean, berea duen bakarra, euskal herritarrona, gurasoena, ikastolan titular bezala egituratuz.

Gure herria gobernatzen duten hiru estatu eta lau administrazioek gureak ez diren sistemak inposatzen dizkigute, eta horietan erabakiak ez daude sistema horretan lan egiten dutenen esku. Estatuek dute beren esku -hau da, Espainiak, Frantziak eta Vaticanoak- gertu-gertutik zainduz beraien identitatea bermatzeko helburuak lortzea.

Gainera, epeka-epeka egoten diren politikariak egon, beraien gainetik estatuek ipinitako mekanismo oso eraginkorrak ezarriak dituzte eta eguneroko martxa bermatzen dute. Ez dira alferrik hezkuntza eta komunikabideak, globalizazio garai honetan bereziki, estatu egitura duten herriek beraien nortasun ezaugarriak bermatzeko zaindari nagusiak.

Nafarroa Euskal Herriaren eremu ikusezinaren parte ez dela esan diguten foru erkidegoko hiru epaileei ikastolatik gogorarazi nahi diegu, kulturalki euskaldunak eta politikoki nafarrak, gure herriaren txanpon bakarra osatzen duten bi aurpegiak direla, kulturalki germaniarrak eta politikoki alemanak diren bezalaxe; eta datorren 2012an espainiarrek militarki konkistatu gintuzteneko 500. urteurrena izan arren, oraindik gogoan dugula nor garen eta argi dugula zer nahi dugun. Badakigula, eskubideek ez dutela preskribitzen.

Horregatik, ikastolan, geure historia geuretik horrela ikastea bermatuko diegu gurasook geure seme-alabei, zenbait politikari eta epaile-politikariren gainetik.

Eskerrak eman nahi dizkiegu ikastolaren zentzuaren haria orain arte etengabe mantendu, eta harrotasunez, dena berdindu nahiaren gainetik, tinko mantentzen duten guztiei. Euskalduntasunaren matazak indartsu jarraitzeko, gizarte zibiletik, herritar guztion laguntza isilarekin haria jarraitzea ezinbestekoa dugulako, gure herriak bera izaten jarraitzeko gure seme-alabengan.

Gora Laudioko ikastolakoak, lehena, oraina eta geroa lotzen duen hariaz, euskaldunon nafartasunaren izaeraren matazari eutsi diotelako!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo