Poesia errezitaldia eginen dute Manuel Rivasekin, emozioa transmititzeko
Maider IANTZI | DONOSTIA
Donostia Kulturak publiko zabalarengana hurbildu nahi ditu poesia ekitaldiak, musikaren eta hitzaren baturarekin gozatzeko, eta jende guztiarentzat antolatu ditu gaurko errezitaldia eta biharko solasaldia. Aritz Gorrotxategik atzoko aurkezpenean azaldu bezala, ez zaigu poesiara ulertzen ez dugun edo asmatu behar dugun zerbaitera bezala hurbiltzea komeni, emozioa transmitituko digun zerbaitera bezala baizik. «Jendea animatu nahi dut pentsamendua eta poesia binomio horrek sortzen duen ikara alde batera utzi eta hurbiltzera», dei egin zuen.
«Pentsamenduaren poesia» izena jarri diote, hain zuzen, gaur 19.30ean Victoria Eugeniako Club aretoan eginen duten errezitaldiari. Jon Makusoren biolin doinuek lagunduta, bost poeta euskaldunek irakurriko dituzte testuak: Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek, Igor Estankonak, Edu Zelaietak eta Nerea Beldarrainek. Eta gonbidatu bat etorriko da Galiziatik, Manuel Rivas. Genero gehienak lantzen dituen idazle aktibo eta saritu hau ez da hain ezaguna bere poesiarengatik, baina bide honetatik hasi zen eta obra zabala dauka. Rivas poeta aldarrikatuko dute, beraz.
Errezitaldi elebiduna izanen dela jakinarazi zuen Juan Ramon Makusok, Rivasek galizieraz idazten duelako gehienetan eta hala irakurriko dituelako poesiak. Gainerakoek euskaraz eginen dute, baina itzulpenak banatuko dizkiete entzuleei, saioa euskaraz, galizieraz eta gaztelaniaz jarraitzeko aukera izan dezaten.
Irakurleekin solasean
Bihar, 19.30ean liburutegi nagusian (San Jeronimo kalean), «Finisterre de la poesía» izeneko topaketa eginen dute irakurleekin. Aurkezpen lanetan arituko den Juan Ramon Makusok agertu zuenez, poeta gisa kezkatzen dituzten kontuez mintzatuko dira, gai etikoez eta estetikoez: «Agian, poesia, edo literatura edo artea, beilatoki bat da. Agian, dagoeneko ez zaio arte deitu behar...».
Manifestu bat idatzi dute Makusok, Aritz Gorrotxategik, Felipe Juaristik eta Pello Otxotekok, «Poesiatik polisera», batzuetan marfilezko edo kristalezko dorrean dagoela iruditu arren, poetak hankak lurrean dituela azaltzeko.
Lekua: Victoria Eugeniako Club aretoa (Okendo plaza).
Data eta ordua: Gaur, 19.30ean.
Poetak: Manuel Rivas, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe, Igor Estankona, Edu Zelaieta eta Nerea Beldarrain.
Biolina: Jon Makuso.
Antolatzailea: Donostia Kultura.