GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bi astean, bi muturreko latz Berlusconirentzat

Udal bozetan bere gotorleku izandako Milan eta beste hainbat hiri galdu ostean, igandeko erreferendumak muturreko latza izan dira Berlusconirentzat. Italiarrek ura pribatizatzeko haren asmoak arbuiatu dituzte; gobernuburuari eta gobernukideei epaitegietara ez joatea ahalbidetzen zien legea bertan behera uztea lortu dute; eta, batez ere, energia nuklearraren programa erraldoi baten eraikuntzaren aurka argiro azaldu dira. Lotesleak izateko beharrezkoa den %50eko parte hartzea aise gainditu duten erreferendumok italiarren gehiengoa lehen ministro bitxiaren aurka dagoela argi erakusten duten azken froga dira, «Ciao Berlusconi» geldo baina geldiezin baten adierazle.

Bestetik, mugimendu antinuklearraren eta, oro har, herri mugimenduaren arrakasta itzela da. Fukushimako hondamendi nuklearraren ostean munduan estatu oso batean antolatu den lehen herri galdeketa izan da, Berlusconiren komunikabideek ez ikusiarena egin eta gutxietsi arren, herritarren babes ikusgarria lortu duena. Nuklearra aukera errealista eta bakar gisa, Italiaren tamainako ekonomia batentzat hil ala bizikoa aurkezten zutenek aurrez aurre dute herriaren nahia. Eta egia dute beren kontra. Nuklearra ez da etorkizuneko energiaren menu merke eta agorrezina. Alternatiba energia berriztagarriak dira, eta jendeak horien alde egiten du bai Italian, bai Alemanian, baita Euskal Herrian ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo