Talibanekiko harremanak oztopoz beteta ageri dira Kabulen, begiraleen irudiko
Talibanen eta Afganistango Gobernuaren arteko balizko kontaktuen oihartzuna gero eta ozenago entzuten den arren, horiek ez daudela uste bezain egonkortuak diote nazioarteko begiraleek. Galdera asko daude erantzuteke, boterea talibanekin partekatzeko prest ote dauden, esaterako.
Aymeric VINCENOT (AFP) |
Talibanekin izan beharreko balizko harremanen inguruko zantzuek gero eta agerikoagoak dirudite Afganistanen, baina kolokan eta oztopoz beteta dira, nazioarteko begiraleen irudiko. Gobernuaren eta talibanen artean nolabaiteko kontaktua badagoen arren, harreman hori oso oinarrizkoa dela deritzote eta eraginkorrak izan daitezkeen negoziazioetatik oso urruti daudela.
Joan den larunbatean, hain justu, kontaktu horietara hurbildu nahi duten talibanen ahalegina erraztu behar dela esan zuen Hamid Karzai Afganistango presidenteak Islamabaden (Pakistan); izan ere, bi herrialdeak mugatzen dituen eremuan oinarri sendoa dute talibanek, eta horien aterpetzea ahalbidetzea leporatu izan die Kabulek Pakistango Armadari eta informazio zerbitzuei. Bertako lehen ministro Yousuf Raza Gilanik, ordea, jardun horretan behar besteko laguntza eskainiko dietela agindu zion afganiar mandatariari.
Ate bat baino gehiago jotzen ari da, dena dela, Karzai, eta Nazio Batuen Erakundeko Bakearen Goi Batzordera ere jo du saiakera horretan; nazioarteko erakundeak 50 bat talibani ezarrita dien zigorra kentzeko eskatu dio, besteak beste, matxinoak gerturatzeko keinu gisa.
Askok nahi dute talibanekin hitz egin, begiraleen esanetan, eta eurak ere eztabaidan aritzeko gertu dira. Alabaina, ez dute horretan hasi nahi atzerriko tropek alde egin aurretik. Washingtonek, zentzu horretan, baldintzak ezartzen dizkie talibanei, armak uztea, esaterako. Matxinoak gogor ari dira jardun horretan, ostera, azken lau urteetan etengabeak izan baitira ekintzak.
Begiraleek diotenez, bada erantzun beharreko beste galdera bat, alegia, Kabul boterea talibanekin partekatzeko prest ote dagoen ala ez. Kontu horrek zalantza asko sortzen ditu, baita Gobernuaren barrunbeetan ere.
Robert Gates AEBetako Defentsa ministroa orain arteko estrategiari eustearen aldekoa da, hots, talibanen aurkako presio militarra mantentzearena, 2012rako harreman zuzenei ekiteko.