GARA > Idatzia > Kultura

Lakuak eta Microsoftek euskarazko IKTen erabilera sustatu nahi dute

GARA | DONOSTIA

«Berrikuntza euskaraz» ekitaldiaren bidez, Microsoftek Lakuaren laguntzarekin, puntako teknologia euskaraz hedatzeko eta erabiltzeko konpromisoa hartu zuen atzo, Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) arloko erreminta berritzaileenak euskaraz aurkeztuz. Honela, euskal hiztun eta erabiltzaile orok produkziorako erabiltzen diren puntako erremintak euskaraz erabili ahal izango ditu, hala nola, Microsoft Office 2010, Microsoft SharePoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online.

Aipaturiko produktu horiek doan deskargatu daitezke modu seguru eta errazean, bi esteka hauetako batean sartuta: www.microsoft.es/eus edota www.euskara.euskadi.net/euskara_soft.

Microsoft-ek hiru erreminta horien aurkezpenarekin, enpresen lehiakortasuna, eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzeko IKTak aurkeztu zituen: Office 2010, SharePoint 2010 eta Dynamics CRM.

Microsoft SharePoint 2010 plataforma enpresarialaren bidez entitateek euren produktibitatea handitu dezakete, IKTen kudeaketa hobetuz eta gastuak murriztuz. Gainera, interfaze familiarra da eta hainbat baliabide eskaintzen ditu enpresaren errentagarritasunean hobekuntzak bermatuz.

Dynamics CRM 2011 eta Microsoft Dynamics CRM Online-en bidez, enpresen teknologia kudeaketa hobetu nahi da, baliabideek eskaintzen duten funtzionalitatearen bidez errentagarritasuna handitzeko.

Montserrat Pardok, Microsoft Iberica-ko Erakunde Harremanetarako kudeatzaileak nabarmendu zuenez, garapenari begira puntako softwareak euskaraz izatea funtsezkoa da. «Microsoft Office 2010, SharePoint 2010, Dynamics CRM 2011 eta CRM Online, produkziorako erabiltzen diren puntako erremintak dira, teknologia modu eraginkorrean erabiltzen lagunduko duten lanabesak. Horregatik, gaurtik aurrera euskaraz izateak euskal erabiltzaileek ere horrelako produktuen beharra dutela erakusten digu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo