GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sallaberry pozik da aireportua handitzearen aurkako jarrerekin

Hondarribiko aireportuko pista handitzeko proiektuaz hainbat erakundek, tartean Ingurumen Ministerioak berak, izandako «jarrera aldaketa» biziki pozik hartu du Hendaiako auzapezak, «bide onean» doazelako.

Arantxa MANTEROLA |

Hendaiako auzapez Jean-Baptiste Sallaberryk pozik hartu ditu azken egunotan Hondarribiko aireportua handitzeko proiektuaren inguruan plazaratutako informazioak.

Ekainaren 5ean, El País egunkariak Madrilgo Ingurumen Ministerioaren txosten baten edukia agertu zuen, hurrengo egunetan Estatu frantsesaren eta espainolaren arteko «mugaz gaindiko» gaiez arduratzen den Pirinioetako Nazioarteko Batzordeak Madrilen egindako bileran hizpide izan zuena.

Aipatu txostenak hainbat erakunderen iritziak biltzen ditu. Horietan ageri denez, «inork ez du aireportua handitzeko jarrera babesten». Batzuk dagoen bezala mantentzearen alde agertu dira eta beste batzuk, berriz, egungo pista 300 metrotan laburtzea ere eskatu dute.

Azken horien artean, Ingurumen Ministerioa bera, EAEko Gobernuko ordezkaritza, Hondarribiko Udala, Adena eta BirdLife elkartea leudeke. Lakuako Ingurumen Saila eta Gipuzkoako Aldundia pista bere horretan uztearen aldekoak dira.

Erakunde horien guztien ustez, beraz, Sustapen Ministerioak bultzatutako egitasmoak ez luke aurrera egin beharko.

Sallaberryk «iritzi aldaketa horiek begi onez hartu» ditu eta «azkenean, ikuspuntu errealista nagusitu izana» txalotu du. Bere ustetan, jarrera horiek «norabide onean» doaz, baina, halere, Hendaiako Herriko Etxeak «tokiko biztanleen eta bizi-ingurumenaren interesen aldeko lanean» ez duela ahalegin txikiagoa egingo eta gaiaren nondik norakoak egunero behatzen jarraituko duela agindu du.

Bide horretan, Hondarribiko aireportuari buruz bi estatuen arteko Batzorde Mistoaren hurrengo bilkuran hori guztia aipatuko du auzapezak.

Merkantzien desagertzea

Bestalde, CADEk, Lapurdiko AHTren burdinbide berria eraikitzearen aurka diharduen elkarteak, jakinarazi du Mugerreko eta Hendaiako geltokiak merkantzien garraiorako desagertzeko aukera aipatu duela Parisko Ingurumen Ministerioak, «Garraio konbinatuaz, geltokien optimizazioa eta kokapena» izenburua duen azterketan.

Berrikitan, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak ezagutarazitako tren-bidaiarien kopuruari buruzko datuak ere nabarmendu ditu CADEk. Horien arabera, azken bost urteetako bilakaerari so eginda, Baiona, Biarritz eta Donibane Lohizuneko geltokien erabilerak behera egin du nabarmen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo