Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Hontzarena
Aramaion genbiltzan Euskal Herriko Kontalarien Bigarren Festa antolatzeko lanetan, eta jakin genuen bertako bi emakumek bertako ipuinen bilketa bat egina zutela. Aukera paregabea festari hasiera hitzaldia emateko. Arantza Ozaeta eta Divina Arriolabengoa baserriz baserri, etxerik etxe ibili ziren ipuinak biltzen, lan zoragarria bezain eskergarria eginaz. Ipuin horietako bat Debagoiena bailaran argitaratutako liburuxka batean eman zuten. Izenburua ikusi bezain pronto inoiz irakurri edo entzun gabeko ipuin hori banekiela konturatu nintzen. «Zergatik hontza ibiltzen da gabaz» zen ipuina. Ene! Txinako eta Hego Amerikako bertsio bana ezagutzen nituen, baina hontza izan beharrean saguzarra zen protagonista. Harrituta gelditu nintzen zeharo.
Informazio lasterraren mundu honetan, liluragarria da imajinatzea ipuinen bidaiak aspaldiko garaietatik gaurdaino. Herrialdeen, kontinenteen eta jendeen barrena egindako bidaia luze horietan esperientziaz betetzen joan izan dira ipuinok, aldatzen, garatzen, egokitzen. Egun, goraipatu izan ohi dugu informazioak segundo batez mundua zeharkatzea. Aitzitik, informazio hori esperientziarik gabea da, ez da bidaia luzearekin blaitu, ez du esperientzia horren aberastasunik jaso. Ipuinek jendeen ahotan bidaiatu dute, eta jende bakoitzaren puska batekin hazi da. Moteltasunaren gogoeta darama bere baitan, eta horrek ematen dio indarra. Txinatik Hego Amerikara, Euskal Herritik igaroz, edo alderantziz, hontzarenak, edo saguzarrarenak, gizadiaren etengabeko ibilaldia azaltzen du. Ipuin bat kontatzerakoan hitz emigranteen doinuak ekartzen ditugu. Mugarik gabeak.