GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Garikoitz Plazaola Lekuona | Eguzkiko kidea

Zorionak Italia!

Energiaren eztabaida ez da oinarritu behar onar ditzakegun zentral nuklearren kopuruan, aurrezpen energetikoan, eraginkortasun eta bide alternatiboetatik lortuko den energia ekoizpenean baizik

Italiarrek ekainaren 12 eta 13an burutu den erreferendumean onartu dute energia nuklearrik ez erabiltzea italiar lurretan.

Erreferendumaren emaitzak ez du zalantzarako biderik utzi, bozen %95etik gora izan baitira energia nuklearraren aurkakoak eta parte hartzea, %57 ingurukoa.

Energia nuklearraren inguruan erreferendum bat egitea ez da gauza berria Italian; 1987an italiarrek era horretara erabaki zuten ez zutela zentral nuklearrik nahi. Zehatzago esateko, Txernobylgo istripu-hondamendia gertatu zenetik urtebetera, herritarrek zentral nuklear gehiago ez eraikitzea eta martxan zeuden lau zentral nuklearrak ixtea erabaki zuten, agindua 1989 eta 1990 bitartean gauzatu zelarik.

Seguruenik, nuklearren aurkako italiarren jarrera horregatik, emaitza ez da ezustekoa izan, horren adierazgarria izanik. Berlusconiren kezka areagotu egingo zen Fukushima-Daichiko istripu larriak eraginda, Italian zehar zabaldu zen nuklearren aurkako marea berria ikusita. Horregatik, il Cavaliere erreferendum hau ospatu ez zedin saiatu da bi bide erabiliz. Lehenik, erreferenduma ospatzea saihestuz; horretarako, energia nuklearraren bi urteko luzapena edo moratoria dakarren legea onarrarazi du, horrela erreferenduma baztertuz, baina Konstituzio Epaitegiak galdeketa ospatzera behartu du. Bigarrenez, emaitza baliagarria -loteslea- izan ez zedin ahaleginduz, batetik erreferenduma udal hauteskundeekin batera egitea ekidin du, horrek erreferendumean parte hartze handia ziurtatzen zuelako; bestetik, herritarrak boza ematera joan ez zitezen kanpaina eginaz. Honen guztiaren helburua erreferenduma loteslea ez izatea zen; izan ere, italiar araudiaren arabera, erreferenduma loteslea izan dadin erroldakoen %50 + 1ek parte hartu behar du .

Bidea trabaz betea izan denez, Eguzki talde ekologistak italiarrak are ozenkiago zoriondu nahi ditu hartutako erabakiarengatik, eta espero dugu horrelako adibideak zabalduz joatea, ziur baikaude lehen ere handia zen nuklearren aurkako kontzientzia zabalduz joango dela.

Duela aste pare bat Sardiniako erreferendumarekin egin genuen bezala, Eguzkikook ez dugu lotsarik inbidia -sanoa, noski- sentitzen dugula adierazteko, guk ezin dugulako, egun behintzat, horrelako erabakirik hartu, ez nuklearrei dagokienez, ezta beste hainbat gaietan ere.

Aipatu beharra dago galdeketan beste bi gai ere erabaki direla: uraren kudeaketaren pribatizazioa, bat, eta Legitimo Impedimento deritzon legea, kargu politikoei nolabaiteko babesa ematen ziena, bestea. Denak galdu ditu Berlusconik, deigarria izanik lehen aldia dela azken 16 urteotan erreferendum bat loteslea dena.

Garbi dago Fukushima-Daichiko zentral nuklearraren istripuaren ondoren -zein izenburuetatik ezkutatu arren gero eta kontrolpetik urrutiago dagoen, eta ezin da baztertu oraindik egoera okertu daitekeenik-, marea antinuklearra zabaltzen ari dela munduan. Ondorioz, hankaz gora jarri du «nuklearren berpizkundea» eta Alemaniaren politika aldaketak nuklearrak ixteko ekologiston aspaldiko ametsa egia bihurtu du, gutxienez hain sentibera, «zorrotza» eta orain arte nuklearzalea zen Alemanian.

Alemaniak jadanik zentral nuklear gehiago ditu itxiak (19) egun martxan dituenak (17) baino. Itxi diren zentral horien amaiera aurreikusita zegoena baino lehenago gertatu da (batez beste 20 urteko bizia, batzuek hiru soilik), industriaren nahien arabera 40 urteko bizia baitzuten, eta Fukushimakoa gertatu aurretik espero zituzten luzapenekin 60 urtera iristea nahi zuten.

Bukatzeko, Eguzkiko kideok gogorarazi nahi dugu energiaren eztabaida ez dela oinarritu behar onar ditzakegun zentral nuklearren kopuruan, aurrezpen energetikoan, eraginkortasun eta bide alternatiboetatik lortuko den energia ekoizpenean baizik. Alemanian hartutako erabakia ikusita, energia nuklearraren eztabaida mahai gainean jarri eta seriotasunez landu behar da, energia ereduaren aldaketa eta bereziki Garoñako zentral nuklearraren itxiera exijituz, zaharra eta arriskutsua delako eta amortizatuta dagoelako, baita hauteskundeetako promesa izateagatik eta gizarteak hala eskatzen duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo