GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Pirinioetako Liga

Maule ari da galdutakoa berriro ere berreskuratzen

Zuberotarrek oso urte gutxian ia hamar maila galdu zituzten, baina, apaltasunez, gorako bidean dira berriz ere.

p035_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Futbolak nonbaiten gora egin baldin badu, Zuberoan izan da. Euskal Herriko herrialderik txikienean sekulako indarra hartu du azkeneko urte hauetan, eta, horren erakusle, pasa den asteko ligako finalean, Hazparneren aurka jokatutako partidan, 700 ikusle joan ziren Biarnora Maule babestera. Orain artean horrelako egoerarik bizi gabe zegoen Zuberoako futbola.

Maulek urte latzak igaro ditu. Akitaniako Ligako Lehen Mailara heldu zen, eta orain dela dozena bat urte bertan egin zuen topo Avironekin. Handik aurrera, aldiz, kontrako bidea jarraitu dute baionarrek eta mauletarrek.

Frantziako Futbol Federazioa oso zorrotza da, eta, baldintzak betetzen ez badituzte, oso azkar galarazten die maila taldeei. Horiek horrela, batzuetan bulegoetako arazoak tarteko eta beste batzuetan kirol arrazoiengatik, zuberotarrak mailak bat bestearen atzetik galtzen hasi ziren, urte gutxian Pirinioetako Ligako azken mailan agertu arte.

«Oso urte gogorrak izan ziren. Bost bat urte dira taldea hartu genuela, eta garbi geneukan apurka-apurka gorantz egin behar genuela. Izan ere, beherago ezin ginen joan jada. Une honetan helburuak betetzen ari gara», dio Jakes Sarragoinek, taldeko presidenteak.

«Zelaiko aldagelek ez zituzten Federazioaren baldintzak betetzen, eta hori zela-eta maila batzuk galdu genituen. Gero, hemen talde bakoitzak mailaren arabera epaile ofizialak izan behar ditu, eta hor ere bagenuen huts bat, eta behera joaten ginen. Ia amaierarik gabeko beherakada izan zen», eransten du mauletarren agintariak.

Apal-apal hasi ziren harrobiarekin lanean, eta emaitzak berehala iritsi ziren; hala, urtez urte mailaz igotzen hasi zen taldea. Aurten Pirinioetako Ligako Lehen Mailan izan dira, eta bai Vispaly Kopa bai liga bera irabazi dituzte. Hori gutxi balitz, 17 urtez azpiko taldeak ere liga irabazi du. Etorkizuna, beraz, segurtatuta dute.

Zelaian irabazteaz gain, sortu duten ikusmina ere sekulakoa da. Hori izan da hirugarren garaipena: «Kopako finala ikustera 400 ikusle inguru joan ziren Mauletik, eta, ligako finala ikustera, 700 inguru. Hori pentsaezina zen guretzat, ez genuen inoiz pentsatuko horrelakorik, baina garbi dago herriko gazteria oso gustura dagoela futbolarekin. Finalok etxetik kanpo jokatu ditugu, eta sekulako jendetza etorri da. Hori oso garrantzitsua da, bai jokalarientzat bai gaztetxoentzat, futboleko giroa indartzen ari dela erakusten baitu», dio Jakesek.

Izan ere, errugbia da nagusi Maulen. Lehen taldea N1 mailan dago, eta, 3.000 lagun bizi diren hiriburuan, errugbi taldeak 2.000 ikusletik gora biltzen ditu batez beste etxeko partidetan.

Hala ere, Sarragoien itxaropentsu dago futbolarekin. «Aurten sekulakoa izan da. Garbi dago taldeak lan bikaina egin duela, baina zaleek ere sinesteko modukoa ez den babesa eman digute», dio.

Apaltasuna

Hemendik aurrera zer egin behar duten garbi du Jakesek. «Apal jokatu behar dugu. Heldu den urterako asmoa ez da Akitaniako Ligara igotzea, baina, beno, ikusiko dugu. Taldea ongi hasten bada, erronka hori jarriko dugu. Datorren urterako helburua ez izan arren, Akitaniako Ligara itzultzea da gure asmoa, baita urte gutxi barru berriro ere liga horretako mailarik gorenetakoan egotea ere», dio.

Zelaiaren arazoa konponduta dute, epaileena ere bai, baina, Pirinioetako Ligako Ohorezko Mailara igota, datorren urterako Federazioak bi epaile ofizial izatea eskatzen die. «Ez dut uste arazorik izanen dugunik. Gazteak gogoz daude taldeari laguntzeko, eta izango ditugu», dio.

Errugbiak diru asko eraman arren, heldu den urterako diru laguntza gehiago izango dutenaren itxaropena ere badu Maule taldeko presidenteak. Ea bada horrela den.

Tituluak

Zuberotarrek Vispaly Kopa irabazi dute, baita Pirinioetako Ligako Lehen Maila ere, bide batez Ohorezko Mailara igoz. 17 urtez azpikoek ere liga eskuratzeko modua egin dute.

Zaleak

Zaleek sekulako babesa eman diote taldeari, inoiz ez bezalakoa. Kopako eta ligako finalak Zuberoatik kanpo jokatu arren, 400 eta 700 jarraitzaile izan ziren hurrenez hurren bi neurketetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo