GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri Urrats 2012ko logoa hautatzeko lehiaketa zabalik da

GARA |

Aurtengo Herri Urratsetik hilabete pasatxo igaro delarik, dagoeneko hurrengo urteko edizioa prestatzeko lanari ekin dio Seaskak. Hala, lehena leloa hautatzea izan da -«Elkartuz zabaldu»-, eta logotipo egokia asmatzea izango da hurrengoa.

Bide horretan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolen federazioak, azken urteetan egin duen moduan, jendearen parte hartzea sustatu nahi du lehiaketa ireki baten bitartez.

Baldintzak

Aurkeztuko diren sorkuntzek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte, ezinbestean. Lehenik eta behin, leloaren adiera kontuan hartu behar du esanahia irudikatzeko.

Bigarrenik, ondoko informazioa jaso behar du: Herri Urrats, 2012ko maiatzaren 13a, Senpere eta aipatu leloa («Elkartuz zabaldu»).

Euskarri askotarikotan erabiltzeko moduko logoa izan behar du (afixak, jantziak, txartelak, agenda...) eta kolore batean, bitan, hirutan eta lautan ere argitaratua izateko egokia izan behar du.

Aurkeztutako logotipoaren esanahiaren inguruan azalpen batzuk ematea ere eskatzen dute ikastolen festaren antolatzaileek.

Sortzaileek uztailaren 1a baino lehenago igorri beharko dute guztia fitxategi digital batean, helbide honetara: Herri Urrats, Z.I. Pontots, 64100 Baiona, edota elkartea@herriurrats.com helbide elektronikora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo