Osasun erreforma malgutu behar izan dute kontserbadoreek Londresen
Gizartearen eta gobernu barruko presioek eraginda, hasierako asmoetan atzera egin eta osasun erreforma bigundu du David Cameron lehen ministroak. Aditu talde baten gomendioei jarraiki, plana mantsotu eta osasun zerbitzuak pribatizatzeko aukera alde batera utzi dute oraingoz.
GARA |
Bere hasierako asmoen aurkako jarreraz ohartuta, bere burua erdibideko plan bat aurkeztera behartuta ikusi du beste behin ere David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak. Gobernuburu kargua hartu zuenean agindutako osasun erreformaren zertzeladak plazaratu zituen atzo, baina iritzi publikoaren eta osasun zerbitzuen aldetik jasotako kritiken ondotik, hasierako asmoak zeharo malgutu behar izan ditu.
Osasun zerbitzuak pribatizatzeko egitasmoak jendartean sortutako zalapartaren ondorioz, egoera aztertzeko eskatu zion Cameronek aditu talde bati; herenegun aurkeztu zuen ondorioen txostena talde horrek, eta kolpe handi samarra jaso du Cameronek. Izan ere, erreformaren erritmoa mantsotzea eta malgutzea aholkatzen zioten agirian, osasun sarea pribatizatzeko nahia oraingoz bazter dezala eskatzearekin batera. Horrek, noski, Gobernuaren barne gatazka areagotu egin du; exekutiboan aliatu diren liberalek gogor jardun dute kontserbadoreen pribatizazio nahien kontra, eta Cameronek, azkenerako, amore eman behar izan du nolabait, erdibideko plan bat aurkeztuz.
Erreformaren zertzeladak
Sektore pribatuaren lan eremua sendotzea eta hedatzea zuen helburu hasierako planak, baita arlo horri egokitutako aurrekontua kudeatzeko ahalmena esleitzea ere. 2013ra bitarte, sektore pribatuak diru partida horren %80 gestionatzea nahi zuen Gobernuak; alabaina, adituen txostena ikusita eta sektore pribatuan diharduten profesionalen ezadostasunek bultzatuta, atzera egin du. Medikuek gaixoen arteko bereizketa egin ahal izatea saihestuko du horrek.
Halaber, zerbitzuen arteko lehia kudeatuko duen goi kargudun bat izendatuko dute motibazioan eragiteko, baina erien interesen alde jardutea izango dute premisa, betiere. Osasungintzan diharduten barneko ikasleen taldeek, gainera, beste profesionalen sostengua izango dute, eta ez zaie data zehatz bat ipiniko kontratu finkoa lortu ahal izateko, baizik eta bere lanean jarduteko gertu direnean eskainiko zaie.
«Gobernuak `ezetz' esan dio merkatu libreak ezarritako dogmari», aintzatetsi zuen atzo Nick Clegg liberalen buru eta Britainia Handiko lehen ministrordeak. Kontserbadoreen asmoak leuntzea izan du ikusmiran hasiera-hasieratik.