Gipuzkoako museo birtuala, jolastuz eta parte hartuz hazteko
«www.gipuzkoamuseobirtuala.net» plataforma berriak ondareaz eta historiaz gozatzeko aukera ematen du, jolastuz ikasteko eta ekarpenak egiteko bidea. Museo birtual hau hazteko jaio da, eta ezagutu eta parte hartu nahi duen jendearentzat baliabide bikaina izan daiteke.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Gipuzkoa Geroztik izena du lurralde honen historia eta ondarea biltzen dituen museo berriak. Ez da ohiko museoa, bertzeak bertze, herritarrek ere piezak ekartzen ahal dituztelako. Aldundiak sortu du ekimena 2.0 programaren barrenean, baina ez berak bakarrik; hasieratik sustatu dute elkarlana talde eta lagun anitzekin, eta parte-hartzaileentzat hagitz aberatsa izaten ari da esperientzia.
Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatuak atzoko aurkezpenean adierazi bezala, begietatik hainbertze informazio ematen duen tresna hau ezagutzeko erarik onena berarekin jolasean hastea da. Webgunean sartzea eta bertako 60 ikus-entzunezkoekin, 300 irudiekin eta 50 jokoekin gozatzea. Eduki hauek, gainera, ez dira oinarrizko eskema bertzerik, plataforma haziz joanen baita batzuen eta bertzeen ekarpenekin.
Iraganera bidaia
Miren Vives proiektuaren zuzendariak eta Xabideko teknikariak lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) idatzita dagoen webgunearen atalen berri eman zuen. Lehenbizikoak, Iraganari Begira izenekoak, hiru dimentsiotan bidaiatzeko aukera ematen du: kronologikoki egin daiteke bidaia, gaika ere bai, eta Gipuzkoako altxorrak ezagutuz. Altxorren edo pieza ederren aukeraketa txiki bat egin dute, gero erabiltzaileek gustukoenen alde bozkatzeko eta eurek ere berriak gehitzeko. Egungo Begiradak atala aldi baterako erakusketen lekua da. Oraingoak, «Museoak: Nor-Nori-Nork» deitu dutenak museoez gogoeta eta eztabaida sortzea du helburu.
Gunearen alderdirik ludikoena dator gero, Jostatu eta Ikasi, ezagutza eta abileziak frogatu nahi dituzten adin guztietako lagunentzat. Espazio honetan, haur eta gaztetxoentzako jokoak jarri dituzte. XVIII. mendeko flota bat goberna dezakete neska-mutilek, eta ur handietan barneratu abentura bila. Txikienek ipuinak ere aditu ditzakete.
Zure Istorioak atala sortu dute herrian kontatzen den kondaira bat edo bertze, edozein eduki eransteko, edo foro eta blogetan iritzia emateko. Gehiago Jakiteko, azkenik, iturri eta baliabideetara jotzeko txokoa da. Uztailean, edukien kudeatzaile bat jarriko dute, museo birtualak kultur hedapenerako ematen dituen aukerak hobeki baliatzeko. Gordailu bateratu bat sortzeko baliagarria izan daiteke. Lekua izanen lukete Gipuzkoako historiarekin eta ondarearekin harremana duten eduki guztiek edo horien erreferentziek, eta hala, artxiboetan ahantzita gelditu beharrean, errazago helduko lirateke jendearengana.