GARA > Idatzia > Ekonomia

Itsasoa proiektuak landare-olioa alternatiba egokia dela frogatu du

Duela urte eta erdi abiatu zen Itsasoa proiektuak orain artean izandako emaitzek, arrantzontzietako motorretan landare-olioa erregai gisa erabiltzea benetako alternatiba dela frogatzen dute. Programaren arduradunen hurrengo erronka, alor teknikoaz gain, sare osoa finkatzea izango da: landare-olioaren ekoizpena, banaketa... Sistema praktikan jartzeko, eragile guztiek egitasmo bat landu beharko dute. Dagoeneko, arrantzale askok agertu dute interesa.

p027_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Arrantzontziek landare-olioa erregai gisa erabiltzea helburu duen Itsasoa egitasmoa «finkatze bidean da». Horrela adierazi zuten, atzo, Ziburuko portuan, duela bi urte abiatutako proiektuaren bultzatzaileek.

Ez hori bakarrik. Denbora horretan izan duten emaitza onen aurrean, egiazko alternatiba bilakatzeko bidean da eta arrantzale askok sistema horretan sartzeko nahia azaldu dute dagoeneko.

Egitasmoa Frantziako Arrantza Ministerioko (%80) eta Europar Batasuneko (%20) funtsekin ari da gauzatzen Ziburu-Donibane Lohizuneko portuko bi itsasontzietan: «Lapurdi» bolintxeroa eta «Nahikari» ilarako amuko teknika erabiltzen duen itsasontzia.

Lehen entseguak 2010eko urtarrilean hasi ziren. Lehenik eta behin, beharrezko egokitzapenak egin zituzten ontzien motorretan gasolioarekin zein landare-olioarekin funtzionatu ahal izan zezaten. «Geroztik, 1.200 ordu ibili dira itsasoan, eta ez batak ez besteak ez du arazo teknikorik izan», nabarmendu zuen Frederic Perrin proiektuaren koordinatzaileak.

CO2 gutxiago

Perrinek azaldu zuenez, «Nahikari» ontziak bakarrik izan ditu gorabehera txiki batzuk argindarraren sistemarekin eta aluminiozko deposituan izandako hainbat jariakinekin. Kontsumoaren aldetik ere, emaitzak oso onak izan dira, esperimentua hasiz geroztik, ontziok kontsumitutako erregai guztiaren %80 landare-olioa izan baita. «Motorrak gasolioarekin bezain ondo ibili dira», esan zuen Perrinek, CO2 emisioetan izan den urritze nabarmena (gasoilarekin baino -70% emisio gutxiago) goraipatuz.

Datorren urratsak proiektua finkatzeko emango dira. «Programa 2012an amaitzen da, eta, kontuan izanik arrantza sasoiko jarduera dela, emaitzak baieztatu egin behar dira datu zuzenak eta finkoak izateko», gaineratu zuen.

Alor teknikoa sustatzeaz gain, programa ekonomikoki finkatzea ere bilatuko dute. Izan ere, Itsasoa programaren beste ezaugarri bat lekuko baliabideak erabiltzean datza. Horregatik, hasieratik Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko hainbat laborarien partaidetza izan du proiektuak.

Nouste Lili kooperatiban batuta, hiru eremu nagusitan -Gabadi, Senpere eta Navarrenx- 76 hektarea eguzki-lore landatu dituzte. Landarea prentsatu eta filtratu ostean, erregai moduan erabiltzeko prest da olioa. Soberakinak, gainera, azienden bazkarako erabiltzen dituzte.

Arrantzontzietan ez ezik, hainbat kamiotan ere erabiltzen ari dira landare-olioa. Hain zuzen ere, Bizi Garbia mankomunitateak hondakinen bilketarako erabiltzen dituen kamioetan.

Praktikan jarri

Esperimentua amaitzen delarik egitasmoak praktikan segida izateko, landare ekoizleek, hornikuntzaz arduratzen den La Basquaise kooperatibak, portuko eragileek, erakunde kudeatzaileek eta, nola ez, arrantzaleek beraiek, proiektu berezia zehaztu beharko dute.

«Dagoeneko arrantzale askok interesa agertu dute bi erregaien sistema erabiltzeko, eta, ondorioz, nola garatu pentsatzen hasiak gara», esan zuen Peio Bellanek, proiektu berriak sustatu eta koordinatzen dituen Atelier Lan Berri (ALB) elkarteko kideak.

Sukaldeko olio hondakinak erregai gisa erabiltzeko aukeraz galdetuta, Bellanek azaldu zuen duela urte batzuk aurre azterketa bat egin zutela, baina, aldiz, ez zela egiazko frogarik egin ahal izan. «Hipotesi hori lantzea interesgarria litzateke», gaineratu zuen. Halere, Perrinek zehaztu zuenez, gaur egun, legez, ezin da sukaldean erabilitako oliorik baliatu erregaiak egiteko.

INTERESA

Arrantzaleek jakin-mina azaldu zuten lehenik Itsasoa proiektuaren aitzinean. Gerora, emaitzak ikusita, alternatiba zela konbentzitu ziren, eta, orain, sistema erabiltzeko interes bizia dute. Ez bakarrik lapurtarrek, baita Estatu frantseseko hainbat portuetakoak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo