GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Gotzon Mendibil | Abeslaria

Tronpeta jotzen

Egileak Luis Haramburu Altunak argitaratutako artikulu bati erantzuten dio, zehazki, hauteskundeen ondorengo hitzarmenak baldintzatzeko defendatzen zuen argudioari, hots, «un pacto entre el PNV y el constitucionalismo poniendo sordina a los discursos identitarios». Mendibilen aburuz, «ur handietara doa euskal biztanleria, orkestra eratzeko asmotan» eta tronpetari sordina jartzeko garaiak ustel gelditu dira. Deuseztatu nahi den identitatea «goratu» beharra azpimarratzen du, unibertsaltasunaren bidean, modernitatean bizitzeko. Eta berandu baino lehen, euskal biztanleriak erabakitzeko ahalmena aldarrikatzen du. Bukatzeko, dio, «bitartean, nik tronpeta jotzen jarraituko dut, sordinarik gabe, noski».

«Lo que Gipuzkoa y Euskadi necesitan es un pacto en el que el PNV lidere la suma de todas las fuerzas políticas dispuestas a gobernar con el norte de la modernización y diseño de un nuevo modelo productivo, poniendo sordina a los discursos identitarios» Luis Haramburu Altuna dixit «El Correo»n, ekainaren 7an argituriko iritzi artikulu batean. Eta hor bertan, beste aipamen hau «Es hora del PNV y del constitucionalismo vasco».

Luis Harambururen desira eta proposamenak begibistan zuen amua luzatzen ziola EAJ-PNVri amu hori harrapa zezan eta tranpa horretan jausi zedin. PNVk etorkizunerantz begiratu nahian, ez zirudien ur antzuetan itotzen utziko zuenik bere burua, eta amu pozointsu hori bertan utzirik, bere errekan dihardu igerian. Beraz, hemen, bakoitzak bere uretan dihardu igerian zein arrantzan eta ur bare zein bizietan ekingo dio bidaiari, zirimolak datozenerako ere prestatuz eta indarrak hartuz.

Luis Haramburu Altunari erantzunez, ur handietarantz doa euskal biztanleria, orkestra eratzeko asmotan beraz, tronpetari sordina jartzearen garaiak ustel geratu baitira. Hala-moduzko tronpeta jotzen nuen neuk ere garai batean, turuta edo tronpetari izandakoa naiz behartutako soldaduskan; gogo gabeko musika jotzera behartzen gintuzten orduan, «do-do-mi-do-do, mi-do-mi-do-sol-sol»...baina garai horiek pasa ziren, eta tronpetak beste musika bat jotzen du orain eta hemen. Eta hemen eta orain, azkurak sortzen zaizkit sentitzen ez dudana derrigorrez sentitu behar dudala esaten didatenetan.

Eta joan goaz, errekan behera arran-ontzian, urak abiada hartu du, eta geldiezinezko uretan goaz, euskal itsasorantz. Joan goaz, ez gaude geldi, eta bagoaz eta bagabiz musika berrian. Sonoritate berria izan behar duen orkestra baten premian dago gure herria, mundu guztira geure bertako soinuak eramateko desiran. Euskal Herrian, Espainian, zein munduan entzun dezaten hemengo musika. Gure tronpetari sordina jarri nahi lioketen horiek norabidean geratu dira.

Beraz, presta ditzagun ondo fliskornoak, tronpak, tronboiak, flautak eta flautinak, funtzioa hastera doa eta. Presta ditzagun baita tinbalak eta gehitu diezaiogun geure orkestra honi txalaparta, galegoek eta eskoziarrek beren gaita itsatsiko luketen bezalaxe. Eta Poloniatik honantz etorritako korda (kontrabaxuak, txeloak, biolak eta biolinak) geureak eginik, eta eurekin batera, eraman dezagun gure musika muga guztietatik kanpo beste edozein lurraldetara.

Ozenki eta argi inongo estridentzia eta garraztasun gabeko musikan jardutea, hauxe da herri honen gehiengo baten nahia. Geure harrizko herri honetako harrobi sendoetatik ateratako harria zizelkatuz eta konplexurik gabeko eraikuntzan garen hau adieraztea eta aireratzea da gakoa. Ez dago inor ahaztu beharrik, denak baitira bertako harriak, harritxokorrak zein harri sendoak, harri luzangak, zein harri borobilak. Gure Oteizak esango zukeen moduan, euskal kultura berpiztu dezagun, atera gaitezen sartu garen edo sartu izan gaituzten tunel luze ilun horretatik.

Berriro geure orkestrara eta tronpeta kontuetara itzuliz, jo dezagun arnas betean tronpeta, hauspoak betez eta putz eginez, ozen eta kontent entzun diezaguten hemen eta han, han eta hemen nor garen. Euskaldunok gure musika nahi dugun bezalaxe, beste mundu osoko musika ere oso dugu atsegin. Nire desira, guk gurea ez den musika entzuten dugun era berean, geurea ere entzuteko gai izan daitezela, besterik ez, eta ez da gutxi.

Inork ez du dudarik, ez luke izan behar, XXI. mendeko euskal biztanleriak, zentzu unibertsalean jartzen duela bere burua eta helburua, eta horretaraxe bideratu nahi duela bere sena. Entzunezina egiten zait eta aspergura damait aldiro-aldiro aho betez aipatzen duten zentzu identitario horretatik alde egin behar dugula entzuten dudan bakoitzean. Identitaterik ez duenik ez da ezer, identitate barik ez da inor, ez gaitzala eraman betiko soflama higuingarrietara.

Bide eta eginkizun ederra dugu, eta, Antoine Saint-Exupery abenturalari eta idazle handiak zioen antzean, «Mundu guztia baztertzen da norantz jo, argi daukan gizakiaren aurrean». Hauxe, urte hauetan argitu beharrekoa, hemen euskaldunon auzia, arnas betean tronpeta jo ala sordinapean jarrai. Bitoriano Gandiagaren aspaldiko «euskaldun batek gatx jakin leike zer gura dauan» argitzen doalakoan.

Ez dakit bizi eta sentitzen ote duzun euskal kultura, Haramburu jauna. Ez dugu ezagutzen elkar, baina agian ez gara elkarren arrotz. Edota zure itsasorratzak eta nireak, akaso, ez dute norabide bera markatzen eta urrutiegi gaude. Baina zuk deuseztatzen duzun identitatea goratu nahi dugun gehienok, XXI.eko unibertsaltasunaren bidean dihardugu geurean, eta garen hau aireratzearen alde gaude, XXI.eko modernitatean bizi nahi dugu, Europako lurralderik preziatu eta prestatuenean. Horixe asmoa.

Tronpetara berriro etorriz, ken dezagun behingoz sordina. Har dezagun arnasa eta egin dezagun putz gogotsu eta sakon. Zalantzarik ez izan, orkestrarik onena eta aberasgarriena musikariek elkar ulertzearena dela, nota guztien arteko harmonia goxoenak aireratuz.

Esadazu Haramburu jauna, zer izango lirateke Camaron, Enrike Morente edo Velazquez bezalako artistak, identitatea galduko balute eta berea goretsiko ez balute.

Halakoxe orkestra nahi nuke nik, adimenez eraikitakoa, soinurik ederrenez eta ezaugarritasunaz jantzia. Zureak eta nireak koska edo talka egin dezakete geure joanean, baina, nik neuk ere, zeuk bezalakoxea izan nahi nuke, baina inongo galbahetik eralki gabe, hau da, bertatik urrunera begiratu nahi duen euskal gizaki unibertsal bat.

Baina, ez dezagun elkar behartu besteak nahi ez duena izaten, ez eta nahi ez genukeen bidea harrarazten. Sentitzen ez duena derrigortzeak ez du zentzurik, eta zein musika jo eta nola, bakoitzaren aukeran egon beharko luke. Baina pentsaera guztiak errespetagarriak izan behar diren bezalaxe, inoizko batean, berandu baino lehen, euskal biztanleriak erabakitzeko ahalmena izan beharko luke, zein norabide hartu edota zein itsasorantz joan nahiko lukeen, eta galdetu beharko zaio, Mediterraneo handirantz begiratuz ala Atlantiko handiagorantz zuzentzea nahiago lukeen. Bertan izateko eta munduaren aurrean agertzeko eta mundurantz zabaltzeko ere modu eta bide desberdinak dira, noski.

Bitartean, nik tronpeta jotzen jarraituko dut, sordinarik gabe, noski, ahalik eta harmonikoen, entzun diezadaten eta agian nitaz aspertu daitezen, edota, gustagarriago egin dakien nire tronpetaren soinua. Arratiako esaera batek dioen legez, «mihin bako arrana ugerrak jan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo