Mikel Jauregi | Kazetaria
Pilotazale baten iritzi.... polemikoa?
Araudia betetzen ez dugunean, kritikatu egiten gaituzte; eta betetakoan, ere bai». Aspeko zuzendari komertzial Inaxio Errandonearen hitzak dira, Xala Eskuz Banakako finaletik kanpo uzteko erabakia hartu eta lehenengo kritikak entzuten hasi zirenekoak. Beratarrak, ordea, jakin badaki kirol honek beti izan duela bidelagun polemika; handiagoa edo arinagoa, logikoa edo zentzugabea. Pilotaren parte da. Eta egunotakoa aparta izan da.
Enpresek, Aspek kasu honetan, atzera egin dute azkenean, eta kantxan irabazitakoa defenditzeko aukera izango du lapurtarrak. Uztailaren 3an, Bizkaia pilotalekuan, 2011ko Buruz Burukoak izan zezakeen final bakarra jokatuko da: Olaizola II vs. Xala. Justizia egin da. Eta denok pozik. Bai? Ziur?
Inoizko astakeriarik handiena egitekotan izan dira finalerdietan kanporatutako pilotari bati txapela janzteko aukera emanda. Inork uste al du Blatterrek Real Madrili deituko zionik Txapeldunen Ligako finalaren atarian Bartzelonako jokalariak kakagurak jo izan balitu? Edota Roland Garroseko arduradunek Murrayri hots egingo ziotenik Nadalek, Federerren aurka jokatu bezperan, min hartu izan balu? Bale, hori zuzendu dute, baina araudiaren lepotik. EPELekoek hobe lukete hutsaren pareko paper hori txiki-txiki egin eta eskuak libre dituztela, inori azalpenik eman behar izan gabe, jokatuko balute. Hortxe duzue irtenbidea, Inaxio: utikan arauak!
Hasieratik, finalak bazuen aterabide logiko askoa: zentzuz jokatu eta txapela Goizuetara. Noski, orduan ere izango zen kalteturik: Xala bera eta enpresen diru-zorroak. Baina pilota -kirolaz ari naiz, ez negozioaz- ez zen hain kolpaturik geratuko. Eta atera kontuak eskandalua zenbaterainokoa izango den bi aste barru lekuindarra erabat osatu gabe badago.
Baten batzuek zer pentsatua badute berriz halakorik -edota Olazabali Binakako Promozio Txapelketan egindako alukeria bezalakorik- gerta ez dadin. Pilota modernizatzea ez baita frontoi beltz, eroso, handi eta ederrak eraikitzea bakarrik.
P.D.: Zorionak Yves, merezi duzu txapelaren borrokan aritzea. Eta chapeau Oinatz eta Aimar, portatu zarete.