Inazio Agirre | Ezker abertzaleko kidea
Balio erantsia
«Hori dugu bereixi guk Euskal Herrian, gainerakoan gaude besteren neurrian». Hori da gure balio erantsia
Bilduk eskubide guztien, jokaleku demokratikoaren eta erabakitzeko eskubide- aren aldeko konpromisoa hartu du. Horien artean, euskaraz bizitzekoa Euskal Herri euskaldun batean. Ildo hori herriz herri bultzatzeko hiru gauza, behintzat, gauzatu behar lituzke.
Bat. Azken hamarkadatan, udalek euskal herritarren diru eta bitarteko asko erabili dituzte udal langileak euskaraz trebatzeko. Heldu da ezagutza horiek balioan jartzeko ordua, erabiltzen ez badira ahaztu eta galduko baitira.
Horretarako, Bilduko alkateek goi mailako arduradun tekniko guztien aurrean adierazi dezakete: euskara da udal honen administrazioaren lan hizkuntza. Ondorioz, lan guztiak euskaraz egin eta euskaraz aurkeztu behar dira udal instantzia guztietan.
Udalerrira begira, udalaren irizpide praktiko nagusia segidako hau izango da: «Euskaraz egin daitekeena euskaraz egingo da eta ezin daitekeenean gaztelania erabiliko da». Hori bermatuta, gaztelaniaren itzulpena bideratuko zaie oraindik behar duten herritarrei.
Bi. Euskarazko arnasguneek babes juridiko politiko eta soziolinguistikoa behar dute. Biztanleen %70 euskaldun izatera iristen diren 120 udalerrik UEMAn sartzea; 235.000 herritarren bizigune euskalduna eraikitzeko eta euskararen eremu geografikoa sendotzeko.
Hiru. Herri handiak eta hiriburuak hizkuntza politikaren intentsitate handiko eremu bilakatzea eta euskara hutsezko jardute eremuak zabaltzea. Erabilera sozialaren hazkundea, UEMArekiko lotura eta hedapena ahalbidetzeko.
Izan ere, euskararen bizitasuna bermatzeko hiztunez gain, beharrezkoak dira erakundeen laguntza, erabilera errotzea esparru ekonomikoan eta hedabideetan, arbasoen hizkuntzari leial irautea eta euskara nortasun-ikur gisa hartzea.
Hori guztia indartzeko ona litzateke Donostiak Europaren kultur hiriburua erdiestea, euskaldunok bizirik gaudela erakusteko, Euskal Herriaren asimilatze prozesua Europako agendan sartzeko, euskal kultura eta `ekolinguismoa' erantzukizunez bultzatzeko; europarren arteko kultur berdin- tasuna eta hizkuntz iraunkortasuna bermatzeko Euskal Herri euskaldunetik.
Horrek demokrazia, prozesu politikoa eta bakea areagotzeaz gain, Euskal Herriaren irudia eta ekonomia indartuko ditu. Globalizazio uniformatzailearen eta krisialdi ekonomikoaren garaian turismoa sendotuko du. Munduak jatorrizko herriak, kulturak eta hizkuntzak hobesten baititu. «Hori dugu bereixi guk Euskal Herrian, gainerakoetan gaude besteren neurrian». Hori da gure balio erantsia.