GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskaldunen eskubideak ez dira hain eskubide

Enpresa askok ez dute Kontsumitzaileen Estatutua betetzen. Hori da Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egin duen azterketaren ondorioa. Izan ere, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Dekretuaren ezarpen mailaren berri jakiteko, 27 enpresa aztertu zituen Kontseiluak, eta azterketaren emaitzaren arabera, horietatik 16k ez dute estatutu hori betetzen. Horrek instituzioen kezka eragin beharko luke eta, ondorioz, estatutua betearazteko neurriak hartu beharko lituzkete. Hala ere, atzo Gasteizko Parlamentuak kontrako bideari ekin zion, euskara erabiltzen ez duten saltokiei isunik ez jartzearen aldeko legez besteko proposamen bat onartuta. PSEk, PPk eta UPyDk, proposamenaren aldeko boza eman zuten taldeek, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak babesteko eta sustatzeko neurriak aplikatu beharra dagoela onartzen dute, baina «neurri hertsatzaile eta zehatzaileak» kendu behar direla diote. Ez dirudi beste arlo batzuetan neurri hertsatzaile eta zehatzaileen aldeko sutsuak diren talde horien jarrera aldaketa denik, are gutxiago euskaldunen hizkuntza eskubideei dagokienez. Euskara ez dela «inposatu» behar dioen diskurtsoaren atzean, hainbaten eskubideak errespetatzeko borondaterik eza gordetzen da, eta euskaldunen hizkuntza eskubideen eskubide izaeraren beraren ukoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo