Hondarribia Blues Festival-ek Johnny Winter gitarra-jotzailea sarituko du aurten
Seigarren urtez, Hondarribia Blues Festival-ek blues munduko hainbat musikari ezagun ekarriko ditu herrira. Horien artean, Johnny Winter izango da, aurten Blues Hondarribia 2011 sariaren irabazlea.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Egun gutxi falta dira Hondarribia Blues Festival jaialdiaren seigarren edizioa has dadin. Ekimen hau uztailaren 7tik 10era bitartean ospatuko da kostaldeko herri honetako ohiko agertokietan (Benta, Carlsberg eta Schuss Obispo plazan, Gipuzkoa plazan eta Kale Nagusian). Gainera, aurreko urteetan egin bezala, antolatzaileek lau egunetan izango diren ekintza guztiak doan izatea lortu dute.
Jaialdi hau blues munduan zegoen hutsune bat betetzeko jaio zen, «blues kultura zabaltzeko», alegia. Hala, aurten, Euskal Herriko blues taldeei laguntza eskaintzeko hainbat ekimen antolatu dituzte. Berrikuntza horietako bat Road to Memphis lehiaketa da. Euskal Herriko taldeak lehiatuko dira horretan, eta saria International Blues Challenge Memphisen ospatzen den lehiaketarako hegazkin-txartela eta hoteleko egonaldia izango da. Izan ere, Memphisen mundu osoko blues taldeek hartzen dute parte, eta eragile garrantzitsuenen aurrean jotzeko aukera izango dute lau egunez.
Kontzertuez gain, Crossroads ekimena ere izango da, banda ezberdinetako musikariak elkartuko ditun gunea. Lehenengo edizio honetan, Estatu espainoleko Mingo Balaguer, Ñaco Goñi, Tonky de la Peña edota Francisco Simon artistak arituko dira. Guztira, hogei musikari elkartu eta beraien artean nahastuko dira, bluesaren historiaren errepaso bat egiteko.
Johnny Winterrentzako saria
Urtero, Hondarribia Blues Festivalek Blues Hondarribia saria ematen dio nazioarteko artista esanguratsu bati. Aurten, John Dawsoni, Johnny Winter ezizenez ezagunagoa den gitarra-jotzaile estatubatuar mitikoari emango diote saria. 60ko hamarkadan bihurtu zen Winter blues elektronikoaren izar handi, eta Woodstock-eko jaialdian jada mito bihurtu zela esan daiteke. Saria dela-eta, Winterrek uztailaren 7an, osteguna, emango du ikuskizuna Benta agertokian gauerdian.
Telebista bidez ikusgai
Crossroads-en bitartez ospatuko den bilkura horren karietara, jaialdiaren antolatzaileek eta TVE telebista kateak akordio bat sinatu dute Estatu espainoleko bluesaren historiari buruzko dokumental bat prestatzeko. Ordubete inguru iraungo du eta udaren ondoren emango du kateak. Akordio honen ondorioz gainera, uztailaren 20 eta 28 bitartean aurtengo kontzertu garrantzitsuenak ikusi ahal izango dira TVEko bigarren katearen bitartez, Benta agertokian ospatuko direnak, alegia.
Jaialdiak irauten duen lau egunetan etxeko txikientzat antolatzen diren kontzertu pedagogikoez gain, hitzaldiak ere jasoko ditu jaialdiak. Hain zuzen ere, uztailaren 9an, larunbata, Manuel Lopez Poy kazetariak «Desde la cuneta. Viendo pasar a Robert Johnson» hitzaldia emango du Zuloaga etxean arratsaldeko seietan. Lopez Poyk Hernan Senra Chino izango du lagun hitzaldian gitarra jotzen.