GARA > Idatzia > Ekonomia

Laborantza iraunkorraren alde lanean, azken egunera arte

GARA |

Christian Harluxet, Euskal Herriko Laborarien Batasuneko ordezkaria, hilik aurkitu zuten atzo bere etxaldean, Nafarroa Behereko Ahatsa herrian. Dirudienez, goizean lanera abiatu zen eta eguerdian etxera itzuli ez zela ikusita, senitartekoak bere bila joan ziren eta hilik aurkitu zuten traktorean.

Laboraria eta sektore honetako langileen aldeko militantea izan da Harluxet. Bi hamarkada luzez ELB sindikatuko idazkari izana, azken egunera arte ELBn esne-ekoizleen interesak defendatzen jardun zen, hain zuzen, behi-esne saileko arduraduna zen.

Harluxeten heriotzak ezustean hartu du sindikatua eta, doluminez, Euskal Herriko Laborarien Batasunak azaldu duenez, bere bizitzan konpromiso sindikal anitzak hartuak zituen. Erakunde horretan eginiko lanaz, gain, Akitaniako Confédération Paysanneko diruzaina zen eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako Biltzar Nagusiko kide, ELBko ordezkari gisa.

ELBek pertsona bezala utzi duen hutsunea nabarmendu du halaber: besteei entzuteko gaitasun handia zuen, besteenganako errespetu handia, eta begirune handia zioten guztiek. Langile ikaragarria zen, gai desberdinak menperatzen zituen eta, agerian ziren sailez gain, ekarpen handia egin zion ELB erakundeari, bilkuretan, idatzietan eta eguneroko jardunean.

Azken finean, Christian Harluxeten helburua laborantza iraunkorra garatzea zen, beste gizarte eredu bat sustatu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo