GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seaskako ikasleek ez dute etsamina euskaraz egin ahalko

Errektoretzatik hala agindu bazieten ere, Seaskako ikasleek ez dute hautaproba (Baxoa) euskaraz egiteko aukerarik izango. Atzo, Ipar Euskal Herriko ia 2.000 ikaslek ekin zioten aste osoan izango den azterketari. Horietatik 50 inguruk euskaraz egin dituzte ikasketak Etxepare lizeoan. Alta, goi-mailakoak egin aurretiko azterketa frantsesez egin beharko dute.
p017_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Bordeleko Errektoretzak egindako promes guztien gainetik, aurten ere Seaskako lizeoko 50 ikasleek ezingo dute Baxoa azterketa, unibertsitatean sartzeko hautaproba, euskaraz egin.

Batxilergoa amaituta, goi mailako ikasketak egiteko nahitaezko proba, beraz, frantsesez gainditu beharko dute berriro ere. Hori salatzeko, Euskal Konfederazioak, Kontseiluak eta Seaskako gurasoek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Rene Cassin lizeoaren aitzinean.

Hain zuzen, atzo ekin zioten, besteak beste, aipatu lizeoan, hautaprobako etsaminei. Aurten, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 1.977 ikaslek egingo dute Baxoa (horietatik 523 arlo teknologikoan eta, gainerakoak, arlo orokorrean).

Aldarrikapena

Etxepare lizeoko ikasleek ere hainbat ekimen eta mobilizazio egin zituzten duela aste batzuk, ikasketak euskaraz egiten dituztenez, hautaproba ere beren hizkuntzan egiteko eskubidea dutela aldarrikatzeko.

Hezkuntza Ministerioaren ardura nabarmendu zuten bereziki, Euskararen Erakunde Publikoko partaide dela aintzat hartuta. Egitura horren egiteko nagusia, irakaskuntzatik hasita, ondorengo belaunaldien euskalduntzea dela gogorarazi zuten. Alta, aurtengoan ere, soilik Geografia eta Historia ikasgaietan izango dute azterketa euskaraz egiteko aukera.

NUPeko ikasleen hizkuntz eskubideen bermea eskatu du Kontseiluak

Sortzen-Ikasbatuaz, IA, Ikastolen Elkartea, LAB, ELA, STEE-EILAS eta hainbat irakasle, ikasle eta langileren izenean, Kontseiluak eskaera zehatza egin dio NUPeko Errektoretzari, «ikasleen hizkuntz eskubideak berma ditzala», alegia.

Zailtasun guztien gainetik, goi mailako ikasketak euskaraz egitea hautatzen duten ikasleak gero eta gehiago diren arren, izen-emateak ez datoz bat hautaproba euskaraz egiten dutenekin (%23,84).

Aurten, 782 ikaslek (%10) eman du izena euskarazko irakasgaietan, baina indarrean dagoen planarekin, irakasgai bat edo beste soilik izango dute euskaraz.

Ikasketa guztiak euskaraz eskaini ahal izateko, NUPek «benetako Euskararen Normalizazio Plana» behar duela nabarmendu du Kontseiluak, ikasleei euskarazko gaietan izen ematera dei eginda. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo