Askatasunaren Flotilla abiatzear dela, presondegiak atontzen hasi da Israel
Hil honen bukaeran dira partitzekoak Mediterraneoko hainbat portutatik Gazara giza laguntza daramaten hamabost bat barku, blokeoa arintzeko helburuz. Tel Avivek dagoeneko esan du zer nolako jarrera izango duen horrekiko, atxiloketak gauzatzeko entseatzen hasi baitira.
GARA
Israelek ez ditu lanak erdipurdika izan nahi, eta mehatxutzat jotzen dituen ekintzaileen abisuen aurrean, espetxeak atontzen hasi da, atxiloketak gauzatzeko asmo garbia erakutsiz. Izan ere, iaz egin bezala, aurten ere Gazarako bidean ipiniko da Askatasunaren Flotilla, herrixkak bizi duen blokeo egoera arintze aldera; Mediterraneoko zenbait portutatik partituko dira hamabost bat barku -horien artean izango da Israelek joan den urtean erasotako IHH erakunde turkiarraren «Mavi Marmara» ontzia ere-, eta askotariko giza laguntza garraiatuko dute, Gazan bizi duten muturreko egoera arintzen laguntzeko.
Haatik, Tel Avivek iragarri du zer nolako jarrera erakutsiko duen ekintzaileen aurrean, besteak beste, Ohalei Keidar eta Sharonim presondegietan lekua egiten hasi baitira atxilotuak pilatzeko. Era berean, Itsas Komandantzia barkuak abordatzeko entseguak egiten hasi da; Gobernutik mandatu zorrotzak jaso dituzte, antza, barkuei blokeoa hausten ez uzteko, haren esanetan, armak garraiatu baititzakete eremu horretako miliziei laguntzeko.
Edonola ere, «nazioarteko zuzenbidean onartezina den egoera bat salatzea» dutela helburu nabarmendu du Manuel Tapialek, Estatu espainoletik abiatzekoa den «Gernika» ontziko parte-hartzailetako batek, eta euren ontzian, zehazki, eskoletarako eta ospitaleetarako materiala eramateko asmoa dutela. Bederatzi ekintzaile hil zituzten oldarraldiko testigu izan zen iaz Tapial, baita biktima zuzena izan ere, hainbat egun eman baitzituen gatibu soldadu israeldarren eskuetan. ERC, IU-ICV eta BNG alderdien ondoan azaldu zen herenegun prentsaren aurrera, Trinidad Jimenez Atzerri ministroari ekintzaileen segurtasunaren alde egin dezan galdegiteko. Espedizioaren gaineko xehetasun gutxi ezagutzen diren arren, bidaiarien artean herritar israeldarrak joango direla baieztatu du, kultura zein politika arloko jende ezagunaren ondoan.
PAN Palestinako Aginteko Atzerri ministro Riad al Malki, bestalde, pozarren agertu da ontzidiaren abiatzearekin; ziurtatu du, Israelek ez diola inongo izurik izan behar horri, «beharrezko elkartasun keinu bat» besterik ez baita. Alabaina, Gazaren gaineko blokeoa existituko ez balitz, halakorik ez litzatekeela behar ere gaineratu du, «orduan ez bailitzateke muturreko egoerarik izango».
Nolanahi ere, sor litezkeen dudak desagertze aldera, itsasoratu aurretik ontziak gainbegiratzearen alde agertu da Malik, eta talde independente batek egin beharko lukeela gaineratu du.
Mediterraneoko hainbat portutatik abiatuko diren arren, munduko hainbat lekutan dute jatorria ontziek, besteak beste, Turkian, Grezian, Suedian, Herbehereetan, AEBetan Kanadan, Belgikan, Alemanian...