GARA > Idatzia > Kultura

Biarritzeko Maitaldiaren egitaraua indartua helduko da datorren irailean

p047_f02_88x76.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Biarrizko Maitaldiaren egitarauaren berri eman zuten atzo antolatzaileek, eta aurten irailaren 9tik 18ra bitartean ospatuko da dantza goraipatzea xede duen jaialdia. Aurtengo edizioa -jadanik 21.enera iritsi dira- inoiz baino oparoagoa da, arduradunen esanetan: «Ikusgarriak, parte hartzen duten herri eta konpainiak eta karrikako emanaldiak inoiz baino gehiago izanen dira. Jaialdi hau berezi egiten duten elementu guztiak aberastu ditugu», nabarmendu zuen Biarritz Culture elkarteko ordezkari Eloixa Ospitalek.

Aniztasun hori estetikan ez ezik, dantza motatan, ikusgarrietan jorratzen diren gaietan eta formatuetan ere nabarmenduko da. Neoklasikoa, flamenkoa, dantza antzeztua, garaikidea, hip-hopa, euskal dantzak edo Karibeko dantzak ikusten ahalko dira, besteak beste. Irailaren 9an, izan ere, Norvegiako Dantza Garaikideko Konpainia Nazionalak zabalduko du jaialdia «Corps Walk» izeneko ikusgarriarekin, Gare du Midi aretoan. Jaialdia nazioartean izen handia duen konpainia horrekin zabaltzea erabaki dute aurten antolatzaileek. Eta ondoko egunetan, Ballet Biarritz konpainia, Israel Galvan dantzaria eta Montecarloko Balleta ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Horiekin, egunez egun, Vilcanota konpainia, Boli Kostako Chantier konpainia, Aljeriako La Barak-abou taldea, SOS Danse, Kukai konpainia, Europako Balleta eta Claude Iruretagoyena koreografoaren Maritzuli dantza taldea agertuko dira kale emanaldietan edota Biarrizko areto nagusietan. Eneko Alcarazen «Sorginak kanpora!» eta Asier Zabaletaren «Transparent» ikusgarriak ere ekarriko dituzte jaialdira.

Dantza ikusgarriak ez dira Maitaldiak eskaintzen dituen hitzordu bakarrak. Izan ere, koreografoen ikastaroak, argazki erakusketak, instalazioak, ohiko Gigabarre eta saio publikoak ere eginen dira. Horrez gain, ikusleek koreografoekin zuzeneko harremana izateko aukera izanen dute aurten ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo