Dena prest dute Laudion, igandean euskaltzaleen babesa jasotzeko
Azken orduetako urduritasuna sumatzen da Laudio Ikastolan egunotan, Araba Euskaraz bertan jasotzeko eguna iristear baitago. Ikastolako zuzendari Juan Karlos Bermejok dei egin die euskal herritar guztiei bertara gerturatu eta egun zoragarri bat igaro dezaten.
Ana ABARIZKETA |
Egun handia izango da arabarrentzat igandea, baita euskaltzale eta ikastolen alde lanean diharduten milaka lagunentzat ere. Horrexegatik, hain justu, urduritasuna da nagusi Laudio Ikastolan egunotan, hilabete askotako lana baitago jokoan. «Uste dugu dena prest dugula, jada azken ukituak ematen gabiltza», adierazi du Juan Karlos Bermejo Laudio Ikastolako zuzendariak.
Ikasle askok bukatu dute dagoeneko ikasturtea; beste batzuk, ordea, azken azterketak egiten ari dira oraindik, beraz, «irakasleak buru-belarri dabiltza ikastolan lanean. Araba Euskaraz honetan, hortaz, hainbat kontu batu zaizkie arduradunei.
Zenbaki eta kopuruei erreparatuz gero, Araba Euskaraz ez omen da hain jendetsua izaten, baina azpiegiturei dagokienez lan mardula egin beharra dago.
Ikastolen aldeko beste festekin alderatuta, Araba Euskaraz-ek «familia kutsu handiagoa» duela ere badio. Hala eta guztiz ere, gune guztietan «denentzako moduko» egitaraua prestatu dute.
Guneekin jolasean
Aurtengo edizioak lau gune izango ditu, euskaltzaleentzat ezagunak diren esamoldeekin izendatutakoak: Bagare!, herriaren erdigunean kokatutakoa; Bagera!, Lamuza parkean; Bagire!, Ugarte auzoan; eta Bagara!, Ellakuri kirol gunean. Guneek, beraz, bat egiten dute aurtengo kantaren izenarekin, «Bagare!».
«Izan zirelako gara, garelako izango dira» lelopean, Laudio jendetza jasotzeko prest dago dagoeneko. Ikastolarentzat erronka handia dela ere azpimarratu behar da, baina horretarako ondo prestatutako jendea dabil antolakuntzan. Izan ere, laugarren aldia da Laudio Ikastolak Araba Euskaraz jasotzen duela, eta Bermejok dioen bezalaxe, «eskarmentu handiko jendea dabil horretan».
Ikastolen aldeko festak gero eta maila handiagoa hartzen ari direla dio, eta beraz, muga gero eta gorago dagoela.
Bi erronka nagusi dituzte, zuzendariak esan duenez: «Etortzen den jendeak ondo pasatzea eta gozatzea» batetik, eta euskararen erabilera indartzea, «lotsa barik mingaina euskaraz dantzatzeko aukera paregabea» izango baita bai igandean Laudion, baita hortik aurrera ere.
Musika behintzat ez da faltako Laudion; han izango dira, besteak beste, Ze Esatek!, Txapelpunk, The Fucking Birds eta Governors, bai eta erromeria, Pirritx, Porrotx eta Marimototx eta beste hainbat kontu ere.