Busturiko Kattagorri etxeko gazteak kanporatu zituzten atzo, «indarrez»
GARA |
Busturiko Kattagorri etxetik aterarazi zituen bertako gazteak atzo Ertzaintzak. Egunkari honek jakin ahal izan duenez, bost patruila eta Ertzaintzaren bi furgoneta bertaratu ziren. Identifikarazi ere egin zituzten bizilagunak.
Kattagorri etxea hamar urtean «hilik» egon ostean -jaberik ez du- otsailaren 12an «bizitza eman» zioten gazteek. Etxebizitza eskubidea aldarrikatzea dute helburu. Azkenaldian, zortzi gazte bizi ziren bertan.
Bertan bizi izan diren lau hilabeteetan etxea atondu dute; konponketak egin dituzte bertan, eta hainbat ekitaldi ere egin dituzte.
Era berean, azaldu zutenez, egitasmoa zabaltzeko asmotan zebiltzan, baina bat-batean etxetik botako zituztela esan zieten.
«Etxe honek ez du jaberik eta, horretaz gain, prozesu honetan eman diren pausoek ez dute legedia betetzen eta ez dira inoiz eman», diote. Azken lau hilabete hauetan Ertzaintzaren jazarpena jasan dutela ere salatu dute.