GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | IV. IRAKURRALDI ETENIK GABEA, ARRIAGA ANTZOKIAN

Saizarbitoriak eta «Hamaika pauso»-k hamasei urteren buruan egin dute topo

Ramon Saizarbitoriak 1995ean idatzitako «Hamaika pauso» klasikoaren irakurraldia egin zuten atzo Bilboko Arriaga antzokian. Donostiarrak berak eman zion hasiera ekitaldiari, hamasei urtean irakurtzen ausartu ez den eleberriarekin aurrez aurre topo eginez.

p008_f01_250x124.jpg

Ane ARRUTI

«Gogorra» egin zitzaiola aitortu zuen Ramon Saizarbitoriak. Ez da jendaurreko agerraldien zale, ez da omenaldi eta laudorioen jomuga izatera ohitu eta, «klasiko» bezalako hitzak, «potoloegiak» iruditzen zaizkio oraindik. «Pixka bat urduri nago, gain egiten dit honek guztiak. Klasiko bihurtze hori... Ez dakit zer esan, onartzen dut, umiltasunez eta pozik», esan zuen Arriaga antzokian goizeko zortzietan, bere «Hamaika pauso» liburuaren lehenengo pasartea irakurri ondotik.

Duela hamasei urte idatzitako eleberriarekin atzo egin zuen topo lehen aldiz. «Ez dakit nola esan, lotsatu egiten naiz», azaldu zuen, eta, berraurkitzea, ez zen uste bezain atsegina izan: «Hasiera astuna iruditu zait. Oso zatarra da autokritikoa den batentzat, negar egiten duzu. Beti pentsatzen duzu hobeto egin zitekeela. Beti gertatzen zait hasierekin, kosta egiten zait haria hartzea, nire narratiba zirkularra da eta hasiera zaila da. Bezperan esan nuen, `irakurri egingo dut bihar errazago gertatzeko'. Eta oso gogorra egin zitzaidan».

Haatik, beldurrei aurre egin eta Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen IV. Irakurraldiari hasiera eman zion donostiarrak. Hamabi orduz, 400 pertsona inguru pasa ziren Arriaga antzokiko erretaula gainetik. Baziren aurpegi ezagunak, Andres Urrutia euskaltzainburua, ELAko Adolfo Muñoz, Etxepare Institutuko Aizpea Goenaga, Euskal Idazleen Elkarteko Ander Iturriotz, Lutxo Egia, Edorta Jimenez eta Kirmen Uribe idazleak, Aitor Mazo eta Patxo Telleria aktoreak, AEKko Mertxe Mujika... eta hainbat erakunde ordezkari politikoak.

Atzoko jaia, ordea, batez ere, euskara ikasleena izan zen. Bilbo Zaharra euskaltegikoez gain, hainbat eta hainbat izan ziren euren pasartea mila bider irakurri, errepasatu, azpimarratu eta esku izerdituetan zimurtuta zutela, euskal klasiko honen irakurketan parte hartzeko adorea erakutsi zutenak. Baita mundu zabaleko euskal etxeetako lagunek ere.

«Hamaika pauso»-k Francok eraildako Angel Otaegirengan oinarritutako Daniel Zabalegi du protagonistetako bat eta Saizarbitoriak, nahiko lukeen arren, haren gertukoenen iritzirik ez zaiola iritsi azaldu zuen atzo. «Egia da egiazko pertsona bat erabili dudala nobelan, beste izen batekin bada ere. Ez zen nire helburua pertsonaia benetakoaren erretratua egitea, bestela bere izena emango niokeen. Baina nahiko nuke jakin ezagutu zutenei pertsonaia gertukoa egiten ote zaien. Nik lotura nabarmen hori egin nuen eta poztuko ninduke jakiteak asmatu dudala, gizon horren heriotzara hurbiltzerakoan. Ez nuen heriotza heroiko bat islatu nahi, baina bai heriotza noble eta bere ideiekiko kontsekuentea».

Idazlearen parte hartzea

Aurten lehendabizikoz izan du irakurraldiak egilearen hitzekin hasteko aukera, aurretik Axularren «Gero», Mogelen «Peru Abarca» eta Jon Miranderen «Haur besoetakoa» irakurri baitituzte. Horixe da, Pedro Alberdi antolatzailearen esanetan, aurtengo edizioari «morboa» erantsi dion elementua. «Badakigu bera ez dela horrelako ekitaldien zale eta oso gustura gaude izan duen jarrerarekin», adierazi zuen.

Saizarbitoria, ordea, umil eta zalantzati agertu zen, modu egokian jokatu ote duen, bere lanari buruz antolatu diren hitzaldietara ez agertzean. «Egia esan, espero dut bertan esan direnak gero irakurtzea; esan didate hitzaldiak oso onak izan direla. Baina ni neroni ez naiz egon, lotsa ematen zidan nitaz hitz egiten zen foro batean presente egoteak. Ez nekien ez egotea itsusia zen edo alderantziz. Eta, motza naizenez, errazena erabaki nuen, ez egotea. Baina esan didate lan serioak izan direla hauek, interesgarriak, eta irakurriko ditut. Pentsatzen dut lagunduko didatela hurrengo lanak hobeto egiteko».

Dagoeneko prest duen hurrengo nobelaren berri ere eman zuen. «Martutene» deituko du eta Donostiako auzo horretan girotutako nobela «oso potoloa» izango da. «Garai batean auzoa baserri, sagardotegi eta jauregitxoz beteta zegoen, leku zoragarria zen. Gero hasi ziren industria txikiak jartzen, etxe bloke erraldoiak, espetxea... Nolabait ere, gure herri askotako ibilbidearen parabola-edo gerta daiteke Martutene». Bertan kokatu ditu bi protagonistak, bi narratzaile. Emakume itzultzaile bat eta gizon ginekologo bat. «Esango nuke nire betiko historia kontatzen dudala, badago anekdota bat istorio bakoitzean, erruarekin zerikusirik duena, eta gero nire betiko arazoak: Gure zirkunstantzia indarkeriarekin, gure nortasuna mantendu nahia eta horrek ematen dizkigun lanak eta, batez ere, gizon-emakumeen gerra txikiak, gatazkak... nire betiko unibertsoa».

«Berandu baino lehen» argitaratzea espero duela esan zuen eta «beldur pixka bat» ematen diola ere bai, liburu batetik bestera «hainbeste luzatzean» jendeak «zerbait ona» espero duelako. «Profesionala ez naizenez, hau da, ez naiz horretatik bizi zentzu onean eta txarrean, ez dut bizitzeko argitaratu behar, ez dut eperik errespetatzen eta alderdi horretatik, beharbada, gehiegi sartzen dut liburu bakoitzean», esan zuen. Denborarekin klasiko bihurtuko ote da hau ere?

 

400 LAGUN ETA 12 ORDU

Goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko zortziak arte, 400 lagun inguru pasa ziren atzo Bilboko Arriaga antzokitik. Aurpegi ezagunez gain, euskara ikasleek eta mundu zabaleko euskal etxeek hartu zuten parte irakurraldian.

«MARTUTENE»

Dagoeneko prest du Ramon Saizarbitoriak bere nobela berria. «Martutene» izena du eta Donostiako auzoan girotua dago. «Berandu baino lehen» argitaratzea espero du emakume eta gizonezko bana narratzaile izango dituen «liburu potoloa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo