KRONIKA | IV. IRAKURRALDI ETENIK GABEA, ARRIAGA ANTZOKIAN
Beti hurrengoaren zain
Idazle guztiek, batzuek besteek baino gehiago, baliatzen dute beren biografia idazteko orduan. Saizarbitoriak bere neura, fijazio eta ezintasunak, bizitzarekiko dituen eragozpenak, konpromiso handiekiko beldurrak eta miseria txikiak agerian uzten ditu behin eta berriz, eta horrek hurbilagoa, maitagarriagoa, geureagoa egiten du.
Joxean AGIRRE Kazetaria eta idazlea
Azken mende erdi honetan euskal kultura eraberritu dutenen zerrendan Oteiza eta Txillidaren ondotik zein jarriko genukeen galdegingo baligute, Saizarbitoria aipatuko genuke askok, aldartearen arabera Laboa edo Atxaga aipatzea ere zilegi iruditzen zaidan arren. Bostak dira handiak eta gertu samarretik ezagutzea izan da lanbideak eman digun zorion bakanetako bat.
Ahaidetasunak bilatzen hasita, jatorria, itxura eta lanen estetikagatik idazlea Txillidarekin lotzeko joera baldin badugu ere, berehala ohartuko gara antz gehiago duela Oteizarekin, hura bezalaxe kontraesankorra baita Saizarbitoria, tolesturaz eta desorekaz betea, aberatsa, askotan jeniala eta beroa, pasio hori, Oteizarengan ez bezala, barrukoa bada ere. Hasier Etxeberriaren «Bost idazle» elkarrizketa-liburu bikaina begiratzea aski da pasarterik ederrenak donostiarrak erantzundakoak direla antzemateko.
Hamasei urte igaroko dira bere obra nagusia, «Hamaika pauso», kaleratu zenetik eta dagoeneko euskaraz idatzi nahi duen edonork (atzo Arriaga antzokian bezalaxe, dosi txikietan bada ere) irakurri beharreko klasiko bilakatu da, nahiz eta baduen arrisku bat ere: batzuetan izuaren antzeko zerbait eragiten digu, ezinezkoak diruditen gailurretara igotzen gaituelako.
Idaztearen abentura aipatu izan du idazleak berak; ikuspuntuen alternantziaz, kronologiaren apurketaz, istorioak txertatzeko moduaz, errepikapenen teknikaz (maisua da horretan ere) edo pertsonaien deskribapenaz mintzatu izan dira kritikariak, edo psikoanalisiaren erabilpenaz ere bai, gutxik aterako baitzioten Saizarbitoriak adina etekin psikiatraren pertsonaia bati. Svevo aipatu izan da beti, baina hark psikoanalisia parodiak egiteko erabili zuen irudipena uzten digu eta eleberri honetan umoreak apenas duen lekurik, gaia bera ere halakoxea baita, heriotza; Daniel Zabalegirena, baina baita pertsona ororena ere.
Literaturaren literatura egiten du, belaunaldi baten ibilbidea marrazten du eta beste hainbat lorpen aipa daitezke idazlanaz. Baina gaurko egoeratik begiratuta (kontatzeko molde konbentzionalak nagusitu dira eta merkatuari begira idazten hasita gaude), bere anbizioak harritzen gaitu gehien.
Idazle guztiek, batzuek besteek baino gehiago, baliatzen dute beren biografia idazteko orduan. Saizarbitoriak bere neura, fijazio eta ezintasunak, bizitzarekiko dituen eragozpenak, konpromiso handiekiko beldurrak eta miseria txikiak agerian uzten ditu behin eta berriz, eta horrek hurbilagoa, maitagarriagoa, geureagoa egiten du.
Akats bakarra du idazle honek: hurrengoaren zain («Martutene» omen deritzo) gosez akitzen gaituela.